Gizartea -
Koronabirusa
Eusko Jaurlaritza zigortu dute ertzainen lan babeserako neurriak ez hartzeagatik
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, covid-19aren aurreko lan babeserako neurriak ez zituen bete “erabat edo partzialki” eta jarrera horrek “arrisku larria eragin zuen osasunarentzat”.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gizarte arloko Salak aintzat hartu du Erne sindikatuak aurkeztutako salaketaren zati bat, eta Eusko Jaurlaritza zigortu du Ertzaintzako agenteen “osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik”, covid-19aren pandemiaren aurrean “eskatzea zilegi ziren lan babeserako neurriak erabat edo partzialki ez betetzeagatik”
Ebazpenean esaten denez, Ertzaintzako funtzionarioen osotasunerako eskubide oinarrizkoa urratu du Eusko Jaurlaritzak, alderdi fisikoan.
Horren aurrean, huts egindako jardunbideak gauzatzera zigortzen du Jaurlaritza epaiak, hots, ahozko bista egin zenean gauzatu beharrekoak: “agente guztiei norbere babeserako baliabide guztiak ematea, hala nola maskarak, betaurrekoak, erabili eta botatzeko eskularruak, buzoak eta hondakin infekziosoetarako edukiontziak”.
Auzitegi Nagusiaren ustez, Exekutibo autonomikoak “Ertzaintza osatzen duten langileen osotasun fisikorako eskubidea urratu du”.
Horren arabera, bere “jardunbideak edo, hobeto esanda, epe batez erakutsitako omisioak lesioak egon ahal izateko” arrisku larria eragin du, eta “arrisku larri eta benetakoan jarri ditu eskaera honek aintzat hartzen dituen funtzionarioen osasuna”.
Dena dela, Auzitegiak aitortzen du zirkunstantzia batzuek, hala nola aurreikusteko zaila zen egoera izateak esaterako, bere neurrira ekartzen dituztela "jarduerarik ezaren ondorioak”.
155.000 maskara FPP2 eta kirurgikoEpaiaren berri izan eta gero, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu du 155.019 maskara, FPP2 eta kirurgikoak, banatu dizkiela Ertzaintzako agenteei urtarrilaren 30etik ekainaren 1era, baita nitrilozko 477.097 eskularru, erabili eta botatzeko 7.862 buzo eta babesteko 5.672 betaurreko ere, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko babes material gisa.