Gizartea -

Koronabirusa

Etxerik gabeko mila pertsonari jarraipen bat egin nahi diete gizarte erakundeek

Euskadiko hogei gizarte-erakundetako ehun profesionalek jarraipena egingo diete aterpetxeetan dauden etxerik gabeko pertsonei, "Lehen Urratsa" ekimenaren barruan.

Aterpetxe baten artxibo irudia. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Aterpetxe baten artxibo irudia.
Aterpetxe baten artxibo irudia. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hogei gizarte-erakundek laguntza, gizarteratze-ibilbideak edota ostatu-alternatibak eskainiko dizkiete hiru hiriburuetako aterpetxeetan konfinamendua igaro duten etxerik gabeko mila pertsonei.

Euskadiko hogei gizarte-erakundetako (Gurutze Gorria edo Caritas, besteak beste) ehun bat profesionalek pertsona horien jarraipena egingo dute, haien gizarteratzea lortzeko helburuarekin. "Lehen Urratsa" izeneko ekimena Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailak finantzatuko du, bi milioi eurorekin.

Gaur goizean, gizarte-erakunde horietako ordezkaritza batek Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte politiketako sailburuari azaldu dio nola garatu nahi duten laguntza-plan hori, Peñascal Kooperatiban (Bilbo) izan den ekitaldian.

Hiru euskal hiriburuetako aterpetxeetan kalean bizi ziren pertsonak eta konfinamenduaren ondorioz, ostatua galdu (alokairuko etxebizitza, logela, pentsioa, hotela, etab.) duten beste hainbat hartu dituzte.

Programak, orain, beste aukera batzuk eskaini nahi ditu, pertsona horiek gizarteratzeko ibilbidean aurrera egin dezaten. Baliabideak behin betiko ixten badira, euren burua berriro kalean ikus ez dezaten, hau da, "etxegabetasuna" kroniko bihur ez dadin.

Erabiltzaileen profilak askotarikoak dira: bazterketa larriko egoeran dauden eta kalean ibilbide luzea duten etxerik gabeko gizonak; bazterketa larriko egoeran dauden etxerik gabeko emakumeak; bakarrik dauden gazte migratzaileak, kasu batzuetan, martxoa baino lehen ikasketak egiten ari zirenak eta integrazio-ibilbidea etenda ikusi dutenak; etxerik gabeko gazteak (hogeita hamar urtetik gorakoak), adikzioak dituztenak eta/edo adimen arazoak dituztenak.

Profil bakoitzarentzat hainbat aukera aurreikusten dira: pentsioetan edo gizarte-laguntzako aterpetxeetan ostatu hartzea, etxerik gabeko pertsonen arretan espezializatutako talde batek zuzenduta; etxerik gabeko emakumeentzako etxebizitza lagungarriak; bakarrik dauden migratzaile gazteentzako lehen harrerako zentroak eta gizarteratzeko ostatu-aukerak; eta mendekotasuna duten gazteak edo adimen gaixotasunak dituzten gazteak ostatu-aukerak eta eguneko arretarako aukerak eskaintzea.

Gaurko ekitaldian, Beatriz Artolazabal sailburuak gizarte-erakundeei eskerrak eman dizkie programan parte hartzeagatik, eta adierazi die koronabirusak egoera sozial zaila sortu duen arren, "aukera bat ere ireki zaigula etxerik gabeko pertsonak gizarteratzen laguntzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Etxebizitza