Gizartea -
Koronabirusa
EHUko ikertzaileek eredu bat landuko dute COVID-19a berriz noiz agertuko den jakiteko
Ikertzaileek esan dute formula matematiko horrek ez duela pandemiaren arazoa konponduko, "baina gaitzari aurre egiteko estrategia hobeak ezartzeko" balioko duela azpimarratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Manuel de la Sen, Raul Nistal eta Santiago Alonso-Quesada ikertzaileek eredu matematiko bat landuko dute koronabirusa berriro noiz agertuko den iragarri ahal izateko.
Horretarako Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako kutsatze datuak aztertuko dituzte, itxialdiaren fase ezberdinak eta salbuespen neurriak kontuan hartuta.
Halaber, odol analisien emaitzak bilduko dituzte, talde immunitatea lortu den ala ez kalkulatzeko.
Informazio horrekin gaitzaren kutsatzeko gaitasuna egoera ezberdinetan zein izan den jakin ahalko dute eta, ondorioz, koronabirusa berriro agertzen denerako neurri eraginkorrenak hartu ahalko dira.
"Berez hau ez da arazoaren konponbidea, baina gaixotasunari aurre egiteko estrategia onenak lantzeko balioko du", adierazi dute ikertzaileek.
Ikerketa Carlos III Osasun Institutuak finantzatuko du eta urtebeterako beste ikertzaile bat kontratuko dute.