Gizartea -

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak mugen irekiera iragarri du hilaren 22rako, baina atzera egin du

Industria ministroak iragarri du Frantziako eta Portugaleko mugak irekiko zirela ekainean bertan, baina Ministerioak atzera egin du azken horren haserrearengatik, eta uztailaren 1a berretsi du.

Espainiako Poliziaren kontrola mugan. Argazkia: EiTB
Espainiako Poliziaren kontrola mugan. Argazkia: EiTB
Espainiako Poliziaren kontrola mugan. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak atzera egin du Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak "ekainaren 22tik aurrera" Frantziako Estatuarekin eta Portugalekin muga berriz irekitzeari buruz egindako iragarpenean, Portugalgo Gobernua iragarpen horrekin haserre agertu ostean.

Atzerriko berriemaileekin egindako gosari batean, Marotok jakinarazi die "ekainaren 22tik aurrera" Frantziako eta Portugaleko mugetan martxoaren 17an jarritako kontrolak kenduko dituztela. Kontrol horietan, salgaien trafikoari, itzultzen diren herritarrei, mugaz gaindiko langileei eta ezinbesteko kausak edo premiak agiri bidez egiaztatzen dituzten pertsonei soilik uzten zaie pasatzen, eta horrek eragin zuzena du Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko 'mugako' zirkulazioan.

Hain zuzen ere, Iñigo Urkullu lehendakariak eskutitz bat bidali zion joan den astean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, non Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko biztanleen mugaz gaindiko mugikortasuna handitzeko eskatzen zion, harreman familiarrak, sozioekonomikoak eta osasun arlokoak ahalbidetzeko.

Ekainaren 21ean alarma-egoeraren dekretuaren babesean emandako ministro-aginduak indargabetuko badira ere, SND/439/2020 aginduaren laugarren xedapen gehigarriak ezartzen du kontrol horiek alarma-egoeratik harago luzatu ahal izango direla.

Marotoren iragarpenak harridura eta ezinegona eragin du Portugalgo Gobernuan. Augusto Santos Silva Portugalgo Atzerriko Gaietarako ministroak bere herrialdeko prentsari egindako adierazpenetan ohartarazi duenez, muga berriz irekitzeari buruzko iragarpena bi herrialdeen arteko "lankidetza estuaren" esparruan erabaki beharreko kontua da, eta Marotoren iragarpenagatik Espainiako Gobernuari azalpenak eskatzeko asmoa duela aurreratu du.

Espainiako Industria Ministerioak ohar bat igorri behar izan du ministroa zuzenduz, baina ez du argi uzten noiz irekiko diren Frantziarekin eta Portugalekin dituen lurreko mugak.

Ohar horretan azaltzen duenez, "alarma egoeraren azken luzapenaren indarraldia amaitzen denetik aurrera", hau da, ekainaren 21eko 00: 00etatik aurrera, "mugikortasuna berreskuratuko da lurralde barruan".

Nazioarteko joan-etorriei dagokienez, hauxe baino ez du adierazten: "Nazioarteko turismoa berriz irekitzeko iragarritako konpromisoak kontuan hartuta, nazioarteko mugikortasun segurua uztailaren 1etik aurrera gertatuko da".

Azkenik, Espainiako Gobernuak Europako Batzordearekin eta EBko kideekin "etengabeko harremana" duela adierazi du, "Europa barruko mugen kontrolak apurka-apurka kentzeko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Gipuzkoa Nafarroa Iparraldea Europa Espainiako Gobernua Espainia Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Portugal Koronabirusa