Gizartea -

UDAKO IKASTAROAK

UEUk 17 ikastaro eta jardunaldi antolatuko ditu ekainetik irailera

Hamar euroko prezio sinbolikoa izango dute eta dagoeneko matrikula zabalik dago ueu.eus webgunean.

48. Udako Ikastaroen aurkezpena. Irudia: UEU
48. Udako Ikastaroen aurkezpena
48. Udako Ikastaroen aurkezpena. Irudia: UEU

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 48. Udako Ikastaroen eskaintzarekin aurrera egiteko erronka jarri dio bere buruari, COVID-19ak baldintzatutako egoeran, eta, datak moldatu eta ekainetik irailaren hasierara bitartean 17 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil eta Donostian. Guztiek hamar euroko prezio sinbolikoa izango dute, eta dagoeneko matrikula zabalik dago ueu.eus webgunean.

UEUk prentsa agerraldi telematikoa antolatu du, #ElkarEkin leloarekin prestaturiko 48. Udako Ikastaroen eskaintza aurkezteko. Kepa Sarasola UEUko zuzendariak eta Irati Iciar Udako Ikastaroetako arduradunak hartu dute parte.

Sarasolak azaldu duenez, koronabirusak "hankaz gora jarri ditu" pertsonen bizitzak eta UEUren egitasmoa ere, tartean, Udako Ikastaroak. Horrela, duela aste batzuk ez zekiten egin ahal izango zituzten, baina azkenean "#ElkarEkin aurrera egiteko erronka" jarri diote beren buruei,"Udako Ikastaroak UEUren nortasuna, balio erantsia eta marka direlako, eta dena online ezin delako eman".

Halaber, aurrez aurrekoaren ezaugarriengatik hartu dutela Udako Ikastaroak egiteko erabakia esan du. "Pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien elkartrukea gertatzen delako, harremanak eta sarea egiteko aurrez aurreko elkarrekintza indartsuagoa delako, udakoetan ikasle eta irakaslearen arteko mugak lausotzen direlako elkarrekintza horretan", gaineratu du.

Horrela, egungo egoerak sortzen dituen "arazoak aukera bihurtu", eta, "ausartak eta sortzaileak" izanik, 48. Udako Ikastaroen eskaintza berezia osatu dutela adierazi du, eta "eskerrik beroenak" eman dizkie "garai hauetan hau posible egin duten antolatzaile eta babesle guztiei". "Ilusio handiz aurkezten dizuegu aurtengo edizioa eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, osasun neurri guztiak hartuta, noski", adierazi du.

Xehetasunak

Bestalde, Iciarrek ikastaroei dagozkien xehetasunak azaldu ditu, eta, aurrez aurrekoaren aldeko apustua egiterakoan, eskaintza birmoldatu behar izan dutela zehaztu du. Modu honetan, 17 jarduera antolatu dituzte: 12 ikastaro eta 5 jardunaldi. Eibar, Baiona eta Iruñeko egoitzak mantendu dituzte, eta Donostia eta Usurbilgo aukerak "elkarlanetik sortu dira".

Halaber, datak egokitu behar izan dituzte. Zehazki, Eibarren (UEUren Ikastetxe Nagusian), Donostian eta Usurbilen, uztailaren 13ko astean izango dira jarduerak; Iruñean (Ezpeleta jauregian), abuztuaren 31n eta irailaren 1ean, eta Baionan (Eusko Ikaskuntzako eta Iker zentroko egoitzetan), irailaren 4an.

Gainera, parte hartzea sustatzeko neurri bereziak hartu dituzte, eta horrela, ikastaro laburragoak eta talde txikiak izango dira, edukiera eta segurtasun neurriak jarraituz. Halaber, matrikula prezio berezia izango da: 10 euro.

'ZientziaK eta Euskara' jardunaldi birtualak hasiko du aurtengo Udako Ikastaroen edizioa. Koldo Garcia ikertzaile eta UEUko zuzendaritzako kideak egoera zertan den aztertzeko oinarriak jarriko ditu sareko hitzaldi baten bidez.

Jardunaldiaren helburua unibertsitate mailako gai garrantzitsu horri buruz hausnartu eta UEUk bere ekarpena egitea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Donostia Iruñea Eibar EHU berriak Baiona Gizartea Eguneko albisteak Usurbil Albisteak Udako albisteak