Gizartea -

Koronabirusa

Guardia Zibilaren txosten berriak Irene Monteroren filtrazioa jasotzen du

Ekainaren 1eko data duen txostenak Simonek zuzentzen duen erakundeari eskatutako informazioa emateko atzerapenak kritikatzen ditu, eta aurkeztutako dokumentazioan datuak falta direla adierazten du.

Irene Monterori elkarrizketa Jaken, 2020ko martxoaren 9an. Argazkia: EiTB.
Irene Monterori elkarrizketa Jaken, 2020ko martxoaren 9an.
Irene Monterori elkarrizketa Jaken, 2020ko martxoaren 9an. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Carmen Rodriguez-Medel martxoaren 8aren harian irekitako kasua ikertzen duen epaileari emandako bigarren txosten batek iradokitzen duenez, Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak Gobernuak Emakumearen Eguna baino lehen pandemiari buruz zeukan informazioa ezkutatu zuen.

Ekainaren 1eko data duen txostenak Simonek zuzentzen duen erakundeari eskatutako informazioa emateko atzerapenak kritikatzen ditu, eta adierazten du aurkeztutako dokumentazioan helbide elektronikoei buruz eskatutako datuak falta direla, horien artean, Simonena berarena.

Txosten berriak Irene Montero Berdintasun ministroak EiTBko kazetari batekin "off the record" izan zuen solasaldiaren zati bat ere jasotzen du, eta martxoaren 8ko martxan jende gutxiago izan bazen koronabirusarekin kutsatzeko beldurragatik izan zela esaten du bertan.

Ikerketako iturriek ziurtatu dutenez, Guardia Zibilaren bigarren agiri horrek 200 orrialde ditu, epaileari emandako lehen txostena zabaltzen du, eta hasierako txosteneko akats batzuk zuzentzen baditu ere, Gobernuak koronabirusaren pandemiari buruzko informazio nahikoa zuela eta martxoaren 8ko manifestazioak debekatzeko informazio nahikoa zegoela azpimarratzen du.

Iturri berberek diotenez, Guardia Zibileko agenteek egindako bigarren txosten horretan, hainbat komunikabidetan argitaratutako albiste ugari jasotzen dira; ekainaren 1ean ABC egunkariak zabaldutako albiste bat, besteak beste. Aipatu txostena egun horretan bertan sinatu zuten.

Orain arte, Rodriguez-Medel epaileak bi aldiz ezeztatu du Fernando Simon inputatzea, baina Jose Manuel Franco Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren aurkako inputazioari eusten dio. Lehen txostenaren akusazioek eta filtrazioak Diego Perez de los Cobos koronela Madrilgo Komandantziako buru kargutik kentzea eragin zuten.

Polizia-agiri berrian, El País egunkariak argitaratu duenez, agenteek nabarmendu dute Osasun Alerta Zentroari egindako lehen informazio-errekerimendua apirilaren 16koa dela, eta erakunde horrek ustez maiatzaren 5ean emateko konpromisoa hartu zuen, baina, azkenean, ez zuen maiatzaren 21era arte egin.

Guardia Zibilaren arabera, epaitegira joan eta Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora epailearen probidentzia batekin joan zirenean jaso zuten dokumentazioa.

Gainera, polizia-txostenak Osasun Ministerioak gaixotasunaren inguruan zabaldutako 36 mezu elektroniko eta zenbait txosten ikertzen ari da, Alerta Zentroak martxoaren 8a baino lehen "COVID-19aren inguruan zuen ezagutzaren analisi kronologikoa" egiteko.

Txostenaren egileen esanetan, errekerimendu judizialak egun horietan egin ziren "gomendio edo jarraibide guztiak" ematea eskatzen zuen arren, dokumentuak falta direla iradoki dute. Simonek zuzendutako erakundeak haien esku utzi zuen materialean, haren posta elektronikoko kontutik ez zen informaziorik eman, eskatu zitzaion arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak EITB Taldea Koronabirusa