Gizartea -
Koronabirusa
Jaurlaritzak oraindik ez du erabaki udalekuak nolakoak izango diren
Aztertzen ari diren proposamenean bi aukera jasotzen dira: eguneko jarduerak soilik baimentzea edo gaua bertan igarotzeko udalekuak antolatzeko aukera ematea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Konfinamendutik irteteko 3 fasean umeentzako eta gazteentzako jarduerak aire zabalean egiteko aukera egongo dela iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Ondorioz, herritarrei udalekuei buruzko hainbat zalantza sortu zaizkie.
Nahasmen horren harira, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitu du udalekuetako jarduerak arautzeko proposamen bat landu dutela eta dokumentu horretan bi aukera aurreikusten direla: eguneko jarduerak soilik baimentzea edo gaua bertan igarotzeko udalekuak antolatzen uztea.
Bi aukera horiek Estatuko araudi orokorrean jasota daudela, Osasun Sailaren babesa dutela eta Espainiako Osasun Ministerioaren segurtasun gomendioak betetzen dituztela ziurtatu du Jaurlaritzak.
Alabaina, txosten hori zirriborro bat baino ez dela, aisialdi taldeek eta udalek beren ekarpenak egiteko aukera dutela, eta, beraz, proposamenean aldaketak izan daitezkeela azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak.
Edonola ere, testu horretan aipatzen diren nobedade batzuk jakinarazi ditu. Esate baterako, 3 fasean, gehienezko edukiera 200 pertsonakoa izango da aire zabalean, monitoreak barne; eta espazio itxietan, 80 lagunekoa.
"Normaltasun berriaren" aroan, gehienezko edukiera 300 pertsonakoa izango da aire zabalean. Espazio itxietan, berriz, ez da aldaketarik izango.
Jaurlaritzak erantsi du foru aldundiek begi onez hartu zutela elkarlanean aritzea, betiere proposamen hori oinarri hartuta.