Gizartea -
BIZKAIA
Espetxeratu egin dute Getxon gizon bat buruan sastakatzeagatik atxilotutako gizona
Goizean epailearen aurrean deklaratu ostean, espetxeratzeko agindu du, hilketa saiakera egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astearte arratsaldean Getxon (Bizkaia) gizon bati labankada emateagatik atxilotutako 36 urteko gizonezkoa Basauriko espetxean sartu dute, epailearen aginduz, goizean deklaratu ostean. Epaileak hilketa saiakera leporatzen dio, Segurtasun Saileko iturriek Europa Pressi albiste-agentziari jakinarazi diotenez.
Astearte arratsaldeko 17:30 aldera gertatu zen erasoa. Epaileak espetxera bidali duen gizona Anboto kalean gazte bati bizikleta lapurtzen saiatzen ari zela, gizon batek gaztearen alde egin zuen, eta, borrokan, erasotzaileak labana bat sartu zion buruan.
Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, anbulantziaz, lesioa artatzera, eta Udaltzaingoak, bitartean, labankadaren ustezko egilea jazarri eta atxilotu zuen gertakariak izan ziren lekutik gertu.
Atxilotu ostean, akusatua Ertzaintzaren esku utzi zuten, eta ertzain-etxean egon da, goizean epailearen aurrean deklaratu arte. Epaileak espetxeratzeko agindu du.