Gizartea -

KORONABIRUSA

10 hildako EAEn eta bat ere ez Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Orain arte 1553 pertsona hil dira Euskadin eta 515 Nafarroan. Osasun Ministerioak hildako bat zenbatu du COVID-19aren ondorioz azken 24 orduetan eta 219 kutsatu.

Hainbat pertsona Bilbon kirola egiten. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Bilbon kirola egiten.
Hainbat pertsona Bilbon kirola egiten. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, hamar  pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1553 hildako zenbatu dira. Horrez gain, sei kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera (astearteko 24:00ak arte bildutakoak).

Horrela, datuek zertxobait okerrera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, baina koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 5379 detekzio-proba egin zituzten atzo: 4277 PCR eta 1102 test serologiko.

Azken orduetan, sei kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.528 positibo guztira) eta 79 test serologikoen bidez (6439), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.967 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban hiru pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3013 guztira), eta Bizkaian ere beste hiru kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7613 guztira). Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan. Zehazki, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2313 guztira).

Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Gasteizen (hiru) atzeman dituzte kasu berriak. Bizkaian, berriz, Bilbon (bat), Galdakaon (bat) eta Trapagaranen (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 209.026 PCR proba eta 116.078 test azkar egin zaizkie 184.108 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 109 pertsona sendatu dira (16.656 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,68). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, hiru paziente gutxiago daude. Horrela, gaur egun covid-19ak erasandako 24 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1553 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Gainera, 1785 gaixo daude oraindik (% 8,8). Azken orduetan, lau pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 247 pertsona daude ospitaleratuta (223 gela arruntetan eta 24 ZIUetan).

*OHARRA*: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Organo-emateen eta transplanteen jarduera, ohiko erritmora

Bestalde, organo-emate eta transplanteen jarduerak ohiko erritmoari heldu dio berriz Euskadin, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz alarma-egoera ezarri zutenetik erritmoa jaitsi ostean. Dena dela, premiazko edo lehentasunezko egoeran dauden pazienteentzako arreta beti bermatu da, eta, aldi berean, organo-emaileek hartzaileei infekziorik ez transmititzeko neurriak hartu dira.

Hala jakinarazi du gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta organo-emateen bidez, bizitzak salbatzen laguntzen jarraitzeko eskatu die herritarrei. Organo Emaileen Nazioarteko Egunaren harira egin ditu adierazpenok Murgak.

Osasun sailburuak azaldu duenez, denbora horretan, pandemiak eragindako egoeretara egokitu behar izan dituzte programak. Hala, organo-emaile izateko hautagaietan eta hartzaile izateko hautagaietan koronabirus kasu posibleak atzemateko neurriak hartu dira, hartzaileei gaitza ez transmititzeko helburuarekin.

Nafarroak bi kasu berri zenbatu ditu, eta ez da hildakorik izan azken egunean

Nafarroak COVID-19aren bi kasu zenbatu ditu azken 24 orduetan, eta ez da hildakorik izan, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Hala ere, desadostasunek jarraitzen dute kasuen eta hildakoen guztizko kopuruetan. Horrela, Osasun Ministerioak 5.261 kutsatu eta 490 hildako zenbatu ditu Foru Erkidegoan; Nafarroako Gobernuak, berriz, 5.302 kasu eta 515 hildako.

Osasun Departamentuak azaldu duenez, datuak Nafarroako Gobernuaren eta Osasun Ministerioaren artean koordinatutako berrikuspen baten mende daude, Espainiako Zaintza Sistemarekin lotuta. "Zaintza Sistemak aitortutako eta COVID bidez hildako heriotzak baino ez ditu zenbatzen Ministerioak; sistema hori maiatzaren 11n hasi zen", azaldu du.

Halaber, Foru Gobernuaren datuen arabera, 64 pertsona daude ospitalean, aurreko egunetako kopuru bera. Horietatik 51 gela arruntetan daude, 11 zainketa intentsiboetako unitateetan (duela 24 ordu baino bat gehiago), eta bi etxeko zaintzan (bat gutxiago).

Hildako bat Espainian azken 24 orduetan eta 219 kutsatu

Osasun Ministerioak hildako bat zenbatu du COVID-19aren ondorioz azken 24 orduetan; guztira, 27.128 pertsona hil dira Espainian. Azken zazpi egunetan 63 pertsona hil dira.

Azken 24 orduetan, 219 koronabirus kasu jakinarazi dituzte, hau da, guztira 240.326 pertsona kutsatu dira Espainian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza EAE Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea