Gizartea -

Etxebizitza

Babes ofizialeko etxeekin espekulatzea ekiditeko legea lantzen ari dira Nafarroan

Funts putreak etxebizitza publikoak erosten ari dira eta ondoren alokairuaren prezioak igotzen dituzte. Halakoak gertatzea saihestu nahi du Nafarroako Gobernuak.

Babes ofizialeko etxe bateko bizilagunen protesta. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Babes ofizialeko etxe bateko bizilagunen protesta.
Babes ofizialeko etxe bateko bizilagunen protesta. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernua lege berri bat lantzen ari da etxebizitza publikoekin espekulatzea eta funts putreek erostea ekiditeko asmoz, Jose Maria Aierdi Etxebizitza kontseilariak jakinarazi duenez.  

Foru Gobernua egiten ari den kudeaketari eta arau-aldaketei esker "oraingoz etxegabetze bakar bat ere" izan ez dela azpimarratu du.  

Hirigintza eta Lurralde Antolaketarako Foru Legea aldatzeko lantzen ari diren zirriborroaren arabera, babes ofizialeko etxebizitzek modu iraunkorrean eutsiko diote izendapen horri eta, ondorioz, merkatuaren gorabeheren eta espekulatzaileen arriskutik kanpo egongo dira.

"Ehunka familia babesik gabe geratu dira, egun batetik bestera etxebizitza publikoak inbertsio fondo pribatuen eskuetara igaro direlako eta azken horiek alokairuak igotzen dizkietelako; eta prezioak laukoiztera ere iritsi dira", ohartarazi du.

Kontseilariak azaldu duenez, Foru Gobernuak hainbat negoziazio egin ditu etxebizitza sustatzaile pribatuekin arazo honi irtenbidea emateko. "Hau ez da konponbide onena, baina familiak kalean geratzea saihesteko biderik eraginkorrena izan da", erantsi du.

Aurrerantzean neurri gehiago hartuko beharko dituztela eta etxebizitza bermatzeko eredua aldatu egin beharko dela azpimarratu du. Ildo horretan, alokairuko etxebizitza publikoak Foru Gobernuak zuzenean sustatu beharko lituzkeela esan du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Etxebizitza