Gizartea -
Koronabirusa
300 euroko isuna jarriko diete Gasteizen maskarak eta eskularruak botatzen dituztenei
Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak azaldu duenez, zigorrak gogortzeko erabakia Udalak maiatzean hasitako kontzientziazio kanpainatik dator.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udalak 300 euroko isuna jarriko die kalean maskarak eta eskularru higienikoak botatzen dituztenei, koronabirus bidezko kutsatzeak saihesteko. Era berean, bide publikoko zakarrontzietan ere ez botatzeko gomendatu du.
Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak astearte honetan azaldu duenez, maskara eta eskularru sanitarioen kasuan zigorrak gogortzeko erabakia Udalak maiatzaren hasieran abian jarritako kontzientziazio kanpainatik dator.
Ingurumen Plangintzako eta Kudeaketako Zerbitzuak, besteak beste, gune publikoak garbitzeko eta desinfektatzeko ardura duenak, herritarrei dei egin die garbiketa- eta higiene-neurriak zorrozteko, eta konpromiso "berezia" eskatu die, eskularru sanitarioak eta maskarak lurrera bota ez ditzaten, ezta paperontzietara ere.
Horrela, herritarrei, oro har, eta garbitzaileei beraiei, kutsatzeko arriskua saihestu nahi da.
Udalak eskularruak eta maskarak etxebizitzetako zakarrontzian bertan kentzea gomendatzen du.