Gizartea -
KORONABIRUSA
Bi hildako EAEn eta bat ere ez Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, bigarren egunez ez da inor hil koronabirusaren ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, bi pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1543 hildako zenbatu dira. Horrez gain, lau kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera (asteleheneko 24:00ak arte bildutakoak).
Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute datuek; izan ere, aurreko egunetan bezala, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 2903 proba egin zituzten atzo: 1802 PCR eta 1101 test serologiko.
Azken orduetan, lau kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.522 positibo guztira) eta 62 test serologikoen bidez (6372), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.894 kasu baieztatu dira orain arte.
Astelehenean PCR proben bidez atzemandako kasu guztiak (lau) Araban baieztatu dituzte (3010 guztira). Datu horiek kontuan hartuta, pandemia hasi zenetik, Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien orain arte (7610 guztira), eta Gipuzkoan gutxien (2313).
Arabako kasuan, Amurrion (bat) eta Gasteizen (hiru) bizi da azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duen herritarrak, Osasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken astean.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 204.749 PCR proba eta 114.976 test azkar egin zaizkie 180.442 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 37 pertsona sendatu dira (16.547 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,72). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta 2 paziente gutxiago baitaude. Horrela, gaur egun 27 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.
Orain arte, guztira 1543 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Gainera, 1804 gaixo daude oraindik (% 9). Azken orduetan, hiru pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 250 pertsona daude ospitaleratuta (223 gela arruntetan eta 27 ZIUetan).
*OHARRA*: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
3 fasera igarotzeko proposamena
Bestalde, datorren astelehenean EAE deseskalatze prozesuaren 3 fasera igarotzeko proposamena igorri zion atzo Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioari, Euskadik horretarako betekizun guztiak betetzen dituela iritzita, "bai asistentziaren aldetik, bai epidemiologiaren aldetik ere".
Ildo horretatik, Nekane Murga Osasun sailburuaren esanetan, ez dago aldaketarik asistentzia-gaitasunean, aurreko aldietan azaldutakoarekin alderatuta: "Euskadik pandemiaren unerik zailenean erakutsi du gai dela ospitaleetako tentsioa bere gain hartzen, sarean oinarritutako lanari esker".
Bilakaera epidemiologikoari dagokionez, Osasun sailburuak adierazi du kasu berrien kopuruak behera egin duela, eta, pandemiarako Zaintza eta Kontrol Planari esker, kasu horien eta horiekin harremana izan dutenen kudeaketa lasaia ahalbidetzen duela.
Positibo bakarra eta hildako bat ere ez Nafarroan
COVID-19aren kasuen kopuruak, PCR probekin baieztatuta, gora egin du azken 24 orduetan Nafarroan pertsona batean, hau da, 5.300 kasua zenbatu dituzte pandemia hasi zenetik, eta 515 hildako izan dira, ez baita heriotzarik izan azken egunetan.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, gaixo berri batek ere ez du ospitaleratu behar izan eta bat zainketa intentsiboetako unitateetik atera da, beraz, hamar pertsona daude zainketa intentsiboetan.
Guztira, 64 pertsona daude ospitaleratuta: 51 gela arruntetan daude, hiru etxean eta beste hamarrak zainketa intentsiboetako unitateetan.
Osasun Ministerioak jakinarazi du bigarren egunez ez dela inor hil koronabirusarekin
Osasun Ministerioak bigarren egunez jarraian jakitera eman duenez, azken 24 orduetan ez da inor hil koronabirusarekin, beraz, 27.127 dira orain arte hildakoak, eta horietatik 34k bizia galdu dute azken astean. Atzo baieztatutako kasuak 137ra igo dira.
Kutsatze berrietatik gehienak Madrilen atzeman dituzte, 73 kasu eta hildako bakar bat ere ez azken 7 egunetan, Osasun Sailaren azken balantzearen arabera; izan ere, 17 positibo eman dituzte Katalunian, eta 9 pertsona hil dira azken astean.
Ministerioak hildakorik zenbatu ez duen bigarren eguna da, baina Fernando Simon Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak "zuhurtzia" eskatu du datu hori baloratzerakoan, izan ere, erkidego batek, aipatu ez duenak, "arazoak izan ditu datuak kargatzerakoan", beraz, baliteke kopurua handiagoa izatea.
Hala ere, gaur zortzi egun bete dira erkidegoetan kasu bakoitzari buruzko informazio indibidualizatua lortzeko, serieak zuzentzeko eta bikoiztuak ezabatzeko datuak biltzeko sistema berria indarrean jarri zenetik, eta Ministerioak oraindik ere ohartarazi du "kasuak banan-banan baliozkotzen" ari direla, eta, beraz, desadostasunak egon daitezkeela aurreko egunekin alderatuta, bai positiboekin, bai ospitaleratzeekin, bai zainketa intentsiboetako unitatekoekin eta hildakoekin.
Salvador Illa Osasun ministroak berretsi duenez, Espainiako zenbait tokitan, Totanan eta Lleidan, esaterako, "oso mugatuta" daude COVID-19aren agerraldiak, eta, ondorioz, autonomia erkidegoetako osasun agintariek egoera "kontrolpean" dutela uste du.