Gizartea -
Koronabirusa
Gutxienez 260 adineko hil dira koronabirusak jota Nafarroako egoitzetan
Halaber, beste 163 pertsona gaitzaren sintomekin zendu dira pandemia hasi zenetik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pandemia hasi eta maiatzaren 15era bitartean, 260 pertsona hil dira koronabirusak jota Nafarroako zahar-etxeetan. Gainera, beste 163 adineko gaitzaren sintomekin zendu dira.
Hala jakinarazi du gaur Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak. Gainera, azken 15 egunetan beste 12 adineko hil direla erantsi du.
Heriotza kopuruari dagokionez, Tafallako zentroetan adinekoen % 12 hil dira; Iruñean eta Iruñerrian, % 9,5; Tuteran, % 5,9; ipar-ekialdean, % 4; Lizarran % 2,9; eta ipar-mendebaldeko egoitzetan, % 3,6.
Kontseilariak esan duenez, ez dago loturarik zahar-etxearen edukieraren eta koronabirusaren eraginaren artean; izan ere, 175 plaza baino gehiagoko zentroetan heriotza-tasa % 9,4koa da; 100-175 plazadunetan, % 10,2koa; 50-100 egoiliar dituztenetan, % 3,6koa; eta 50etik beherakoetan, % 5,3koa.
Iruñeko Erruki-etxean 575 egoiliar daude, 170 positibo baieztatu dituzte eta 68 pertsona hil dira. Alabaina, Maeztuk adierazi du datu horiek ez direla nahikoa ondorioak ateratzeko.
Horrez gain, kontseilariak azpimarratu du adinekoen egoitzetan egoera hobera egiten ari dela. 900 pertsonari eman diete alta, zazpi adinekok ospitalean segitzen dute eta 89 zahar-etxeetan artatzen ari dira.
Langileei dagokienez, COVID-19aren harira hartutako bajak % 24,1 izan dira. Hau da, 3.073 pertsonako lantaldetik 740 beharginek hartu behar izan dute baja.
Azken asteetan, baina, bajan dauden langileen kopurua 120ra jaitsi da, eta, ondorioz, lantaldearen % 4 daude gaur egun bajan.