Gizartea -

KORONABIRUSA

5 hildako eta 5 positibo berri EAEn, hildakorik ez eta 7 positibo Nafarroan

Beste egun batez, ez da positiborik atzeman Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, bigarren eguna da jarraian, hildakorik gabe, eta aste osoan 5 lagun bakarrik hil dira.

Gaixo bat Zaintza Intentsiboen Unitatean. Argazkia: EFE
Gaixo bat Zaintza Intentsiboen Unitatean. Argazkia: EFE
Beste bost lagun hil dira koronabirusarekin EAEn azken 24 orduetan

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 5 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.541 hildako izan dira orain arte. Horrez gain, 5 kasu berri baieztatu dituzte PCR proben bidez (infekzio aktiboak) eta 8 test azkar bidez (iragandako infekzioak), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan emandako datuen arabera (ostiraleko 24:00ak arte bildutako datuak).

PCR kasu berrietatik 3 Bizkaian atzeman dituzte eta 2 Araban. Gipuzkoan ez da positiborik izan beste egun batez.

Aurreko egunetan bezala, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da eta PCR positibo kopuruak ere antzekoak izan dira. Horrenbestez, joera positiboa dela berretsi du Osasun Sailak. Atzo, 2.145 detekzio-proba egin zituzten: 1.833 PCR eta 312 test serologiko.

Orain arte 19.820 kasu baieztatu dituzte (13.518 PCR bidez eta 6.302) Euskal Autonomia Erkidegoan: 7.610 Bizkaian, 3.006 Araban eta 2.313 Gipuzkoan.

Bizkaian baieztatutako atzoko 3 kasuei dagokienez, Bilbon (1), Getxon (1), eta Barakaldon (1) atzeman dituzte. Arabako kasuan, berriz, Gasteizen bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez atzemandako bi positibo berriak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken zazpi egunetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 201.970 PCR proba eta 113.650 test azkar egin zaizkie 177.460 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 45 pertsona sendatu dira (16.499 guztira, gaixoen %83,2a).

Bestalde, RO Indizea, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen indizea, 0,64koa da EAEn.

1.780 pertsona gaixo daude oraindik (% 9,0). Horietako 244 ospitaleratuta daude: 217 gela arruntetan eta 27 ZIUetan.

Zazpi kutsatu eta hildako bakar bat ere ez azken orduetan Nafarroan

Azken 24 orduetan zazpi kutsatu berri atzeman dituzte Nafarroan, baina zorionez, inor ez da koronabirusarekin hil, bigarren egunez jarraian.

Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak eman ditu datuok gaur arratsaldean, Pedro Sanchezekin igandeetan egin ohi duten bileraren ostean.

Chivite pozik agertu da azken datu horiengatik, positiboa baita pandemiaren bilakaera.

Adierazi duenez, 62 pertsona daude une honetan Nafarroan ospitaleratuta: 50 plantan, 10 ZIUn eta 2 etxean.

Guztira, 515 pertsona hil ditu orain arte COVID-19ak Foru Erkidegoan.

Bilakaera ona den arren, Chivitek herritarren erantzukizun indibiduala eskatu du berriro ere: "Alarma-egoeran konfinamendu faseetan egindako ahaleginak eta lortutako emaitzak hankaz gora ez jartzeko".

Espainiak 39 heriotza izan ditu azken astean, eta 96 kutsatu azken 24 orduetan

Osasun Ministerioak igande honetan jakinarazi duenez, azken zazpi egunetan koronabirusa zuten 39 pertsona hil dira (2 azken 24 orduetan), eta jada 27.127 dira guztira.

Diagnostikatutako 96 kasu berri horietatik 32 Madrilek jakinarazi ditu, 17 Gaztela eta Leonek eta 10 Kataluniak.

Hildakoen kopuruaren inguruan dagoen nahasmen horretan, Madrilek 3 hildako jakinarazi ditu azken 24 orduetan, Gaztela eta Leonek 6 eta Kataluniak 11 azken zazpi egunetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea gaur