Gizartea -

Koronabirusa

Hondarribiko porturako sarrera itxi dute jendetza bildu ostean

Arrantzaleei bakarrik uzten diete portura sartzen. Gainera, hondartzan ere neurriak hartzea aztertzen ari dira, hor ere jende ugari pilatu baita, distantzia soziala errespetatu barik.

Hondarribiko portuaren artxiboko irudia. Argazkia: Juan Guezuraga
Hondarribiko portuaren artxiboko irudia
Hondarribiko portuaren artxiboko irudia. Argazkia: Juan Guezuraga

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondarribiko Udaltzaingoak porturako sarrera itxi du larunbat honetan, bertan jende ugari pilatu ostean eta COVID-19agatik ezarritako distantzia soziala ez errespetatzeagatik, Hondarribiko Udaltzaingoko hainbat iturrik Radio Euskadiri jakinarazi diotenez.

Arrantzaleei bakarrik uzten diete portura sartzen. Gainera, hondartzan ere neurriak hartzea aztertzen ari dira, hor ere jende anitz bildu baita eta segurtasun neurriak urratzen ari baitira.

Ibarrangelu

Bestalde, Laidako eta Lagako hondartzeetako erabiltzaileak arauak errespetatzen ari direla eta, pozik azaldu da Jesus Maria Ziluaga Ibarrangeluko alkatea. Aurreko egunetako baino okupazio txikiagoa izan da eguerdi honetan aipatutako hondartzetan.

Ekainaren 15ean hondartzetako sasoiari hasiera emango diote baina hori heldu bitartean, hondartzak erabiltzeko araudia ezarri dute hainbat udalerritan. Hori egiten lehenak Ibarrangeluko eta EA Udalak izan dira. Horrela, erabilera "dinamikoa" arautu dute, hondartzetan kirola egin eta paseatu ahal izateko, baina denbora luzez eguzki hartzen egon gabe, jende pilaketak saihesteko asmoz.

"Jendea paseatzen dabil, bainua hartzen, dibertitzen, hondartzaz gozatzen, eta gero alde egiten du. Oso pozik gaude entsegu horrekin, eta arratsaldean eta uda osoan horrela izatea espero dugu", adierazi du.

Arauak

Gehienezko egonaldiak, sarbideen kontrola eta baita eguzkia hartzeko debekua ere, horiexek dira asteburu honetan euskal hondartzetara eguraldi onaz gozatzeko hurbilduko direnek kontuan hartu beharko dituzten arauetako batzuk. Udalerri bakoitzak bere arauak ezarri ditu, baina kasu guztietan izendatzaile komuna bainatzeko guneak arduraz erabiltzea da.

Esaterako, Donostiako Kontxa hondartzako itsasgoran bi metroko distantzia bermatzeko ezintasunaren ondorioz, Udalak debekatu egin du ostiral honetan erabiltzaileak bertan egotea.

Bestalde, Bizkaian, Aldundiak eta udalek ezarritako esparru orokorrak gehienez ere hiru orduko egonaldia gomendatzen du, kirola debekatzen du eta bandera berri bat ezartzen du, anbar kolorekoa, hondartza nahiko beteta dagoela ohartarazteko.

Zuhurtasunerako eta erantzukizunerako deia egin du Eusko Jaurlaritzak, baita pilaketak saihestearen garrantzia azpimarratu eta hondartzen erabilera dinamikoaren alde egin du. Halaber, maskaren erabileraren alde ere egin du, pasealekuetan bi metroak gordetzerik ez badago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gaixotasunak Hondartzak Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea