Gizartea -

Eguraldia

Giro eguzkitsua eta tenperatura altuak espero dira astebururako EAEn eta Nafarroan

Larunbatean, tenperaturak udako balioetara iritsiko dira berriro. Igandean, ordea, eguna eguraldi ezegonkorrarekin amaitzea espero da, Euskalmetek egindako aurreikuspenaren arabera.

Gorlizko hondartza (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Carlos Merino
Gorlizko hondartza (Bizkaia).
Gorlizko hondartza (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Carlos Merino

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan hodeirik gabe eta udako tenperaturarekin hartuko dugu asteburua lurralde osoan. Gaur, hego haizeak ez du hainbesteko indarrarekin joko, eta itsasertzeko haize leuna lehenago sartuko da; beraz, tenperatura maximoak zertxobait jaitsiko dira Kantauri isurialdean, baina barnealdean ez da aldaketarik espero, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jakitera eman duenez.

Gauzak horrela, goizean udako giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu eta termometroak 28-30 ºC inguruan ibiliko dira. Kostaldean, ordea, gaur tenperaturak ez dira hain altuak izango, eguerdian agertuko den iparraldeko haizearen eraginez. Dena dela, zerua oskarbi egongo da, eta arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira mendi inguruetan.

Hala, maximoak 27 ºC-ra irits daitezke Bilbon, 26 ºC-ra Donostian, 29 ºC-ra Gasteizen eta 31 ºC-ra Iruñean. Minimoak, berriz, 7 ºC-koak izango dira Gasteizen, 14 ºC-koak Iruñean, 16 ºC-koak Donostian eta 17 ºC-koak Bilbon.

Bihar, larunbata, ez da aldaketa handirik espero. Ildo horretatik, zerua oskarbi ikusiko dugu berriro, baina arratsaldean hodei batzuk agertuko dira mendi inguruetan. Haizeak hego-ekialdetik joko du eta arratsaldean itsasertzeko haize leuna sartuko da kostaldean. Hala, Euskalmetek azaldu duenez, tenperaturak berriro ere udako balioetara iritsiko dira.

Testuinguru horretan, tenperatura maximoak 28 ºC-koak izango dira Bilbon, 27 ºC-koak Donostian, 29 ºC-koak Gasteizen eta 31 ºC-koak Iruñean. Minimoak, berriz, 8 ºC-ra igoko dira Gasteizen eta 12ºC-ra Iruñean; Donostian eta Bilbon, aldiz, pare bat gradu jaitsiko dira ostiraleko datuekin alderatuta.

Igandean, ordea, eguna eguraldi ezegonkorrarekin amaitzea espero du Euskalmetek. Egunaren lehen partean zeruan hodei gutxi ikusiko dira; izan ere, giro eguzkitsua nagusituko da eta beroa egingo du.

Alabaina, arratsaldean hodeiak agertuko dira eta eguna amaitu baino lehen zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Goizean hegoaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa nagusituko da. Azken orduetan, berriz, ipar-mendebaldera egingo du.

Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketa handirik espero. Larunbatean bezala, maximoak 28 ºC-koak izango dira Bilbon, 27 ºC-koak Donostian, 29 ºC-koak Gasteizen eta 31 ºC-koak Iruñean.

Astelehenean, astea hodeitsu hasiko da, eta egunaren lehen partean erdi mailako eta goi mailako hodeiak nagusituko dira. Egunaren bigarren partean, bero-hodeiak ugaritu egingo dira eta arratsaldean eta gauean zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Hegoaldeko haize ahula espero da, eta eguerditik aurrera iparraldera egingo du. Tenperatura minimoak ez dira aldatuko eta maximoak pixka bat jaitsiko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Hondartzak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ondarreta hondartza Bermeoko hondartza Kontxako hondartza Aisia Zarauzko hondartza Arrigunaga hondartza Ereaga hondartza Uda