Gizartea -
MEMORIA HISTORIKOA
Oroibidea, II Errepublikako eta 1936ko kolpeko informazioa jasotzen duen bilatzailea
Nafarroako Gobernuak jarri du martxan erreminta berri hau, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Altaffaylla, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeekin elkarlanean, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oroibidea bilaketa tresna aurkeztu du Nafarroako Memoriaren Institutuak, II. Errepublikarekin eta 1936ko kolpe militarraren ondorengo indarkeriarekin lotutako pertsonen, toponimoen eta gertaeren izenak bilatzeko.
Foru Gobernuak ohar bidez jakitera eman duenez, bilatzaile hori Nafarroako Memoriaren Institutua bere Dokumentazio Zentrotik abian jartzen ari den tresna digitalen multzoaren lehen egitasmoa da.
"Bilatzaile intuitiboa eta erraz eskura daitekeena da, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian. Bilatzailean, bilatu nahi duen testua idatzi behar du erabiltzaileak, eta proiektuan sartutako obra bakoitzean dauden hitzak agertuko dira emaitzan, testuinguruari buruzko informazio labur eta dagokion erreferentzia bibliografiko eta guzti", esan dute oharrean.
Grafia ezberdinak (euskara, gaztelera eta frantsesa) programatu dira, emaitza ahalik eta zabalena lortzeko.
Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetzari esker garatu da bilatzailea. Halaber, Altaffaylla, Pamiela edo Txalaparta bezalako argitaletxeek ere esku hartu dute, eta Gobernuak eskerrak eman dizkie "proiektu ireki hau aurrera eramateko agertutako lankidetza eta jarrerarengatik". "Pixkanaka-pixkanaka, monografia, artikulu, elkarrizketa, txosten, dokumentu eta irudi berriak sartzen joango gara proiektuan", gahitu dute.
"Historialari, elkarte eta militante memorialistek eta haien senitartekoek garatutako ahalegin ikertzailea, kolektiboa eta plurala" ere nabarmendu nahi izan du Nafarroako Memoriaren Institutuak.