Gizartea -
Operazioa
Ertzaintzak droga sare bat desegin eta sei pertsona atxilotu ditu Ezkerraldean
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen apirilean Portugaleten, eta aste honetan, astelehenean, beste hiru atxilotu ditu.
eitb.eus
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen apirilaren amaieran Portugaleten (Bizkaia), etxebizitza batean eta Santurtziko taberna batean drogekin trafikatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Operazioan, 14 haxix tableta, beste substantzia batzuen hondarrak zituzten baskulak, droga nahasteko substantziak, dosientzako bilgarriak, errezeta medikoak faltsutzeko txeketegiak eta 5.000 bat euro atzeman zituzten.
Atxilotuei droga ekartzen zieten pertsonak identifikatzeko ikerketak beste operazio bat egitea ahalbidetu du Portugaleten, Barakaldoko Instrukzio-epaitegiaren zuzendaritzapean.
Aste honetan, maiatzaren 25ean, kilo bat haxix atzeman zituzten salerosketa batean (4.100 euro), eta hiru pertsona atxilotu zituzten drogarekin trafikatzea leporatuta.
Biharamunean, hilaren 26an, atxilotuen etxebizitza miatu zuten, eta lau kilo haxix, 17.000 euro, zenbait kokaina gramo, baskulak eta agiri ugari atzeman zituen Ertzaintzak miaketan.
Aldi berean, Portugaleteko lau taberna miatu zituzten. Haxix eta kokaina kantitate txikiak atzeman zituzten bertan, eta hiru pertsonaren inguruko ikerketa abiatu zuten.
Ezkerraldean drogarekin trafikatzen duen sare nagusietako bat desegin dutela uste du Ertzaintzak. 33, 30 eta 29 urteko atxilotuak epailearen esku utzi zituzten asteazkenean.