Gizartea -

PENTSIODUNAK

Pentsiodunen plataformak berreraikuntzako eztabaidetan parte hartzea eskatu du

"Gizarte Segurantzari eta osasun eta zaintza zerbitzu publikoei dagokienez" iritzia eman ahal izatea eskatu dute.

Pentsiodunak Bilbon. Irudia: EFE
Pentsiodunak Bilbon
Pentsiodunak Bilbon. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Pentsiodunak/Ados-Consenso plataformak "pentsiodunen kolektiboa errealitate berri bat berrosatzeko prozesuan parte aktiboa izatea" proposatu du, bereziki, osasun eta zaintza zerbitzu publikoen definizioan, egoitzen ereduari eta mendekotasuna duten pertsonak eta adinekoak artatzeko beste zerbitzu batzuen ereduari buruz eztabaidatzeko.

Ohar baten bidez, Nagusiak, AJPD eta COESPE-Bizkaia elkarteek eta Bilbo, Abanto, Barakaldo, Muskiz, Sestao eta Santurtziko koordinakundeetako pertsona eta bozeramaileek osatutako plataformak iragarri du harremanetan jarriko dela erakunde eta alderdi politikoekin, pentsiodunen eskaerak "jarrera kritikoarekin, positiboarekin eta kolaboratzailearekin, herritarren arteko beharrezko elkarrizketaren eremuan" egiteko.

Hain zuzen, "Gizarte Segurantzari eta osasun eta zaintza zerbitzu publikoei dagokienez" ere iritzia eman ahal izatea eskatu dute, bereziki egoitzen ereduari eta titulartasunari buruz eta mendekotasuna eta adineko pertsonak artatzeko beste zerbitzu batzuei buruz; etxez etxeko laguntzari edo eguneko zentroei buruz, adibidez.

"Osasun-langileei baldintzarik gabeko babesa eman nahi diegu, baita haien eskaera materialei, lanekoei eta zerbitzuaren kalitatekoei ere, arreta berezia jarrita gizarteari egiten dizkieten eskaerei, zuhurtzia eskatuz deseskalatzean kutsatzeak saihesteko", adierazi du plataformak.

Maskarak eta osasuna babesteko beste produktu batzuk (hidrogelak, esaterako) erabiltzeari buruz agintariek emandako azken gomendioen aurrean, BEZa % 21etik % 4ra jaisteko eta doakotasun formula bat ezartzeko eskatu du, gizarte eta ekonomia aldetik kalteberak diren kolektiboentzat.

Kolektibo horrek ohartarazi duenez, "krisiari emandako erantzunak kaltegarriak badira, ez ditugu mobilizazioak baztertzen".

Bestalde, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduari "bere estrategia eta helburuak berrikusteko" proposatu diote berriro, eta "adostasunera itzultzeko eta ekintza batasuna ezartzeko" eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Pentsioak Koronabirusa