Gizartea -

Koronabirusa

Euskal enpresa batek Donostian ekoitziko du Harvard Unibertsitatearen txertoa

Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du proiektuan. Viralgen enpresa donostiarrak, terapia genikorako bektoreak egiteko espezializatutakoak, COVID-19aren aurkako txertoa ekoitziko du.

Osasun-profesional bat, laborategi batean. Argazkia: EFE.
Osasun-profesional bat, laborategi batean
Osasun-profesional bat, laborategi batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Viralgen Vector Core enpresa donostiarrak, terapia genikorako bektoreak egiteko espezializatutakoak, Donostian ekoitziko du Harvard Unibertsitatea COVID-19aren aurka garatzen dabilen txertoa. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du txertoa ikertu eta ekoizteko nazioarteko proiektu honetan. Viralgen, bitartean, bigarren instalazioa ari da egiten Gipuzkoako hiriburuan, txerto hori ekoitzi ahal izateko.

Ohar batean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Industria Garapen eta Azpiegitura sailburuak Harvardek egindako aukeraketa txalotu du; izan ere, erabaki horren ondorioz, Viralgen "garrantzi handiko proiektu batean" izango da.

Tapiak nabarmendu duenez, Harvardek txertoarekin aurrera egin eta gero, Euskadi "prest dago abagune hori bere gain hartzeko; lehen mailako osasun-, gizarte- eta enpresa-aurrerapena da".

Haren moldakortasunagatik eta teknologia hori ekoizteko gaitasunagatik hautatu du Harvardek Viralgen bazkide gisa, eta txertoa pertsonengan udazkenean bertan probatzen hastea aurreikusten dute.

Sailburuak garrantzitsutzat jo du Eusko Jaurlaritzak proiektuan duen parte-hartze aktiboa. Azaldu duenez, erabakiari babesa ematea erabaki zuten "ikerketa eta garapenaren aldeko gure apustuarekin bat egiten duelako, alde batetik, baina, bereziki, aukera oso ona delako gerora gurean ekoizteko".

"Krisi honek hainbat gauza irakatsi dizkigu", azpimarratu du sailburuak: "Besteak beste, oso garrantzitsua dela funtsezkoa denaz hornituta egotea, eta planifikazioa gakoa dela".

"Maila handiko lankidetza-kate bateko kide gara. Harvard Unibertsitatea du buru, Massachusetts Eye and Ear eta Massachusetts General ospitalearen bidez, eta ospe handiko enpresak daude: Viralgen, Aldevron eta Catalent. Espero dugu arrakasta izatea, gizartearen onerako", amaitu du.

Imanol Lasa: "Ez da kasualitatea Viralgen aukeratu izatea"

Testuinguru honetan, Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapen ahaldunak ziurtatu du ez dela "kasualitatea" proiektu honetan Viralgen aukeratu izatea; izan ere, biozientziei lotutako lurraldeko ekosistema "erreferentzia da nazioartean".

"Ozen eta argi esan behar dugu: hau gertatzea ez da kasualitatea. Gaur, biozientzietako enpresa hasi berrien eta ikerketa-zentroen inkubatzaile dira Gipuzkoa eta bertako enpresak. Bere garaian etorkizun-apustua egin zelako dira gaur egun erreferentzia nazioartean; sektore biosanitarioak indar handia du, eta guk gure ahalmen guztiak aprobetxatzen ditugu", azpimarratu du Lasak, ohar batean.

Ahaldunaren hitzetan, "albiste bikaina da Gipuzkoan egoitza duen enpresa bat eragile gakoa izatea garrantzi hain handiko proiektu batean, Harvard bezain ospetsuak diren erakundeekin batera".

"Harro egon behar dugu honetaz. COVID-19aren aurkako txertoa aurkitzea garai honetako erronkarik handienetakoa da, eta Gipuzkoa erronka horretan izango da. Batzuetan ez gara konturatzen, baina Miramonen altxorra dugu", adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak egutegia COVID kasuak Alarma egoera Konfinamenduaren deseskalatzea