Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak ez du eskatuko EAE 3 fasera ekainaren 1ean pasatzea, aurrerapenarekin

Jaurlaritzaren iritziz, "egokia" da deseskalatzea bi asteko epeetan egiten jarraitzea. Hortaz, Euskadi ekainaren 8an 3 fasera pasatzea da plana.

Bi herritar, Donostiako terraza batean. Argazkia: EFE.
Bi herritar, Donostiako terraza batean
Bi herritar, Donostiako terraza batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak uste du "egokia" dela deseskalatzea bi asteko epeetan egiten jarraitzea, Nekane Murga Osasun sailburuak ostegun honetan azaldu duenez; hortaz, une honetan, ez dago aurreikusita aurrerapenik eskatzea, Euskadi 3 fasera datorren astean pasa dadin, hau da, ekainaren 1ean.

COVID-19 gaitzaren bilakaeraren gaineko informazioa emateko Gasteizen egin duen prentsaurrekoan, sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritza "egunez egun eta orduz ordu" ari dela aztertzen Euskadiko egoera. Beraz, aurreikuspena aste honen gaineko azterketa egitea da, bai eta 3 fasera igarotzeko proposamena prestatzea ere, ekainaren 1eko astean aurkezteko; hala, baliteke Euskadi hurrengo astean sartzea 3 fasean, hau da, ekainaren 8ko astean.

Azken egunotan Euskadin berragerraldiren bat atzeman ote duten galdetu diote Murgari. Sailburuaren esanetan, ez da identifikatu beste leku batzuetako bezalako egoerarik, hau da, urtebetetze-festa batean, diskoteka batean, edo antzeko hitzordu batean izandako kutsadurarik.

"Familia barruko kutsadurak izan dira, kutsatzeko modurik ohikoena baita, baina kopurua txikia da. Errazagoa da isolatu eta identifikazio goiztiarra egiteko", azaldu du.

Murgak berretsi du ez dutela fokurik atzeman, ez behintzat itxierarik egiteko edo ekitaldi jakin batzuetan edukierak murrizteko lain; halaber, ez dute uste kutsadura-kopuruak jarduera jakin batengatik gora egin duenik.

Gipuzkoan, kasu berri bat

Gipuzkoan, aurreko bost egunetan kasu berririk izan ez den arren, ostegun honetan bat detektatu dute; horren harira, Murgak gogora ekarri du gaitzaren inkubazio-epea 7-10 egun artekoa dela, eta nabarmendu du sintomarik gabeko gaixoak ere badaudela.

Hori dela eta, azaldu du balitekeela Gipuzkoan inkubazio-epean dauden pazienteak egotea, nahiz eta azken egunotan kasu berririk izan ez; halaber, baliteke sintomarik gabeko gaixoak egotea eta horiek gaitza kutsatu izana. "Aurreko egunotan kasurik izan ez bada ere, horrek ez du esan nahi gaixotasuna bertan ez denik", azpimarratu du.

Udara ostean beste agerraldi bat egoteko aukeraz, Osasun sailburuak azaldu du uda osteko garaia kutsadurak egoteko arrisku handiagoa duen epe gisa identifikatuta dagoela, "tenperaturarekin, hezetasunarekin eta argiarekin lotutako arrazoiengatik". Gogora ekarri du udazkenean arnas gaixotasun gehiago egon ohi direla eta balitekeela horrek COVID-19 kasuak identifikatzea zailtzea.

Murgak nabarmendu du gripea izateak ez duela baztertzen COVID-19a pairatzea. Horregatik, Osakidetza dena ari da prestatzen: osasun-langileentzako babes-materiala ari da bereganatzen, eta, osasun-sistemetan epidemia berriro ere gertatzeko aukerari aurre egiteko, hornitzaileak, materialak eta balizko erosketak identifikatzen ari da. Horrez gain, beharrak kuantifikatzen ari dira, egonkortasun-garai baterako, bai eta kasu askoko garai baterako ere.

Gripearen kontrako txertaketa-kanpaina ere ari dira prestatzen, Murgak esan duenez. Laguntza-ikuspegitik, jakitera eman du konturatu direla lehen mailako arreta sektorizatuta izatea beharrezkoa dela; horrek udaran ere jarraituko du.

Larrialdietan, azken hilabeteotan ere egin dutenez, COVID-19aren sintomak dituzten pazienteak ez dituzte nahastuko beste gaitz larriengatik doazen pazienteekin. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, lanean ari dira balizko egoerak bost izan daitezen; egun, balizko lau egoera aurreikusten dituzte.

Ikasturte-hasiera

Horrez guztiaz gain, irailean egitekoa den ikasturte hasieraz galdetu diote Murgari. Sailburuak zehaztu duenez, une honetan "zaila" da aurreikuspenik egitea, eta azaldu du, gaitza kutsatzeko arriskua egotekotan, beharrezkoa izango dela egun hartzen ari diren bezalako neurriak hartzea. Kontuan izan beharko dute, halaber, iraileko epidemiologia-garaia zein den.

"Ondorengo hilabeteotan, guztiok bizi beharko dugu birusarekin, elkarrekin, eta lan egiteko era moldatu beharko dugu. Jakina, hezkuntzak ez du beste norabide batean joaterik", zehaztu du.

Azkenik, Osasun sailburuari galdetu diote ea Eusko Jaurlarizak badakien Euskadiko 'zero pazientea' nor izan zen. Gogora ekarri duenez, koronabirusean positibo eman zuen lehen herritarra osasun-profesional bat izan zen, eta, esan duenez, "hasieran", kutsatzea osasun-sistematik at gertatu zen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzea