Gizartea -

Koronabuloak

Konspirazio teoriak eta faltsukeriak, Judy Mikovitsen 'Plandemic' dokumentalean

Mikovits bera protagonistatzat duen bideoan inolako ebidentziarik ez duten hainbat baieztapen egiten dira koronabirusari buruz. Interneteko plataforma nagusiek dagoeneko kendu egin dute.

'Plandemic' dokumentalaen fotograma bat. Argazkia: EiTB
'Plandemic' dokumentalaen fotograma bat.
'Plandemic' dokumentalaen fotograma bat. Argazkia: EiTB

eitb

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Plandemic: The Hidden Agenda Behind Covid-19 izeneko dokumental-formatuko bideoak, sare sozialetan zehar oihartzun handia izan duenak, koronabirusaren inguruan konspirazio bat dagoela iradokitzen du. Horrez gain, ebidentzia zientifikorik ez duten beste zenbait baieztapen ere egiten dira. Judy Mikovits zientzialari polemikoa protagonista duen bideoa kendu egin dute Facebook eta YouTube plataformetatik, "funtsik gabeko" adierazpenak aurkezteagatik.

Zenbait erabiltzaile #Koronabuloak ekimenarekin jarri dira harremanetan 600 900 454 zenbakiaren bitartez, bideo horren berri emateko. Telefono hori koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko asmoz EiTBk martxan jarritako WhatsAppari dagokiona da, hain zuzen ere.

COVID-19ari buruzko buloei aurre egiteko, Euskal Irrati Telebistak Maldita.es webgunearen laguntza du (Maldito Bulo atalaren bidez), eta ekimen horrek dagoeneko gezurtatu du bideo horretan adierazten direnak.

Hona hemen Maldita.es-eko lantaldeak bildutako eta egiaztatutako datuak:

Izenburuan ingelesezko plan eta pandemic hitzekin (plana eta pandemia, euskaraz) hitz-jokoa egiten duen dokumentala joan zen maiatzaren 4an argitaratu zuten hainbat plataforma eta sare sozialetan. Bertan, Judy Mikovits zientzialaria agertzen da protagonista nagusi gisa, eta, besteak beste, AEBko gobernua eta zenbait elite (Bill Gates Microsoften sortzailea edo Anthony Fauci Estatu Batuetako Alergien eta Gaixotasunen Institutu Nazionaleko zuzendaria aipatzen ditu), farmazia-industriarekin batera, birusa eta haren aurkako etorkizuneko txertoaren ideia erabiltzen ari omen dira onura ekonomikoa eta boterea lortzeko.

Mikovitsek berak dokumentaleko elkarrizketan azaltzen duenez, koronabirusak eragindako osasun-krisia izu-egoera bat sortzeko pentsatuta dago, gizartea errazago maneiatu ahal izateko.

Nor da Judy Mikovits?

Science aldizkariaren arabera, Judy Mikovits zientzialari estatubatuar bat da, 1991n George Washington Unibertsitateko biokimika eta biologia molekularrean doktoretza eskuratu zuena. 2009an, ikerketa-zuzendaria zen Whittemore Peterson Institutuan (WPI), Renoko (Nevada) ikerketa zentro pribatu batean.

Urte horretan Science aldizkarian azaldutako artikulu baten egilea izan zen, beste batzuekin batera. Artikulu horrek iradokitzen zuenez, leuzemia murina xenotropikoaren birusarekin (XMRV) lotutako birusa izeneko agente ezezagun batean zuen jatorria Fatiga Kronikoaren Sindromeak (CFS, ingelesezko sigletan).

Hala ere, zientzialari talde batzuk aipatu ikerketan lortutako emaitzak erreplikatzen saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen. Geroago, jatorrizko azterketan laginen kutsadura izan zela egiaztatu zen, eta, horren ondorioz, Science aldizkariak kendu egin zuen artikulua. Haatik, hori egin izanaren arrazoia zentsura izan zela dio Mikovitsek bideoan.

Bi urte geroago, Science aldizkariaren komunikazio-sailak kasuari buruzko nondik norakoak azaltzen dituen berreraikitze zehatza argitaratu zuen 2011ko irailean, eta Ameriketako Estatu Batuetako Mikrobiologia Elkartearen saria jaso zuen.

Adituek baztertu egin dute SARS-CoV-2 birusaren jatorri artifiziala

Dokumentalean zehar Mikovitsek egiten duen adierazpenetako bat da SARS-CoV-2 koronabirus berria ez dela prozesu natural baten emaitza; izan ere, bere esanetan, horrek "800 urte beharko lituzke". Ordea, birusa laborategi batean sortu zela dio.

Maldita.es webguneak hainbat aldiz jaso duenez, argitalpen zientifiko ugarik errefusatu dute SARS-CoV-2aren jatorri artifiziala.

Horrela, koronabirus berriaren krisia gertutik jarraitu duten osasun publikoan adituak diren hainbat zientzialarik ohar bat plazaratu zuten The Lancet agerkarian, egungo koronabirusa "bizitza basatian" sortu zela adierazteko.

Egileek, besteak beste, Bioteknologiako Zentro Nazionaleko Luis Enjuanes, azpimarratzen dute konspirazio-teoriek beldurra, zurrumurruak eta aurreiritziak sortzen dituztela, eta arriskuan jartzen dutela lankidetza globala birusaren aurkako borrokan. Horrez gain, borroka horretan "elkarrekin" gaudela gogorazi dute.

Virological foro zientifikoan agertutako beste artikulu bat ere koronabirus berria laborategi batean sortu izanaren aurka ageri da.

Ildo beretik, Nature Medicine aldizkariko beste argitalpen batean, nazioarteko hainbat zientzialarik irmotasunez adierazi dute beren analisiek garbi erakusten dutela SARS-CoV-2a ez dela laborategiko sorkuntza edo nahita manipulatutako birusa.

Era berean, Albert Bosch Navarro Espainiako Birologia Elkarteko presidenteak hauxe ziurtatu zuen Maldita Ciencia webgunean: "Gauza bera gertatu zen 2002an SARSa, edo 2009an A gripea, H1N1aren aldagai berria, agertu zirenean. Antzeko kasu bat ematen den guztietan beti azaltzen dira sasi-jakintsu batzuk, birusa laborategian sortu dela edota handik ihes egin duela esaten. Dena den, gaur egun dakiguna da, saguzar mota batetik beste mota bateko erdibideko animalia batera pasa zela, eta hortik gizakiengana".

Gripearen aurkako txertoek ez dute COVID-19a hartzeko aukerak handitzen

Mikovitsek Plandemic dokumentalean egindako elkarrizketan egin duen beste baieztapen bat da gripearen aurkako txertoek % 36 handitzen dutela koronabirusa harrapatzeko aukera. Hori defendatzeko, AEBko armadak 2017-2018 gripe-sasoian egindako ikerketa zientifiko bat aipatzen du Mikovitsek. Ikerketa horrek gripearen aurkako txertoaren eta beste arnas birus batzuk harrapatzeko aukeraren arteko erlazioa ikertzen zuen.

Ordea, Maldita Cienciak azaldu duenez, ikerketa horren egileak bestelakoak izan ziren: "Emaitza orokorrek birus interferentziaren eta gripearen aurkako txertoaren arteko zerikusiaren aldeko ebidentzia gutxi edo bat ere ez zuten erakutsi". Izan ere, beste muga batzuen artean, ikerketak berak onartzen du ezin dela kausa-ondorio erlaziorik ezarri gripearen aurkako txertoaren eta beste arnasa-birus batzuk harrapatzeko arrisku handiagoaren artean.

Maskarek kutsaduretatik babesten laguntzen digute

Mikovitsen hitzetan, "maskara erabiltzeak norberaren birusa aktibatzen du", eta horrek, bere ustez, autokutsatzea eragin lezake "berraktibatutako koronabirusaren adierazpenekin". Aitzitik, komunitate zientifikoak eta erakunde ofizialek maskara erabiltzea gomendatzeaz gain, nahitaezkotzat jo dute, kutsatzea prebenitzeko. Izan ere, gure organismoan sudurretik eta ahotik sar daitekeen edozein birusen aurrean (SARS-CoV-2a edo beste edozein birus) oztopo fisiko gisa jarduten dute, edozein maskara mota erabiltzen dela ere.

Jarraian, Osasun Ministerioak maskarak erabiltzea derrigorra dela jakinarazteko argitaratutako txioa ikus daiteke:

Hidroxiklorokina-tratamenduek arriskuak eragiten dituzte COVID-19a duten gaixoengan

Plandemic dokumentalean, gainera, bertan proposatutako ideiekin bat datozen hainbat medikuren testigantzak daude. Horietako baten esanetan, "hidroxiklorokina eta zinka oso ondo funtzionatzen ari dira pazienteengan".

Alabaina, The Lancet aldizkari zientifikoan maiatzaren 22an argitaratutako azterlan bateko datuek adierazten dutenez, klorokina edo hidroxiklorokina erabiltzeak ez die inolako onurarik eskaintzen COVID-19a duten gaixoei. Aitzitik, botika horiekin egiten den tratamendua, bakarrik edota zenbait antibiotikorekin batera, COVID-19a duten ospitaleratutako pazienteek duten heriotza-tasaren zein bihotzeko arritmien hazkundearekin lotzen da.

Halaber, aipatu azterlan horrek emandako emaitzen aurrean, COVID-19ak jotako gaixoengan hidroxiklorokinarekin egindako saiakuntza klinikoak aldi baterako gelditzeko asmoa iragarri zuen Munduko Osasun Erakundeak (MOE) maiatzaren 25ean.

Ezabatu egin dituzte bideoak

Interneteko plataforma nagusiek (Facebook, Youtube, Vimeo) dagoeneko kendu egin dute bideoa, osasunari kalte egin diezaioketen argudioak zabaltzeagatik. Dena den, bideoak gutxienez zortzi milioi bisita jaso zituen lehen astean, The New York Times egunkariaren arabera. Eta bere hedapenarekin jarraitzen du, hainbat hizkuntzatan.

YouTubek esan du bideoa zerbitzutik kanpo mantentzeko lanean ari dela, "funtsik gabeko osasun-aholkuak" dituzten edukien aurka zuzentzen duen arauen arabera.

Euskal Irati Telebista Maldita.es atariarekin (Maldito Bulo atalaren bitartez), VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean egun hauetan, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Munduko Osasun Erakundea