Gizartea -
Koronabirusa
Bizitza-errenta pobreziaren mugan oinarritzea eskatu du Save the Childrenek
Gainera, ardurapeko semeagatik edo alabagatik dirulaguntzak ematea proposatu du, hazkuntza-kostuaren % 50era artekoa.
eitb.eus
Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, "COVID-19aren krisiak egoera ahulean dauden neska-mutilen belaunaldi bat bizitza osorako marka ez dezan, funtsezkoa da familien barruan seme-alaben pisua eta behar espezifikoak kontuan hartzea" Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak ematerakoan.
"Badakigu lau familia zaurgarritik batek lana galdu duela modu iraunkorrean pandemiaren ondorioz, eta familia behartsuetako gurasoen % 64,4k uste dute krisiak modu negatiboan eragingo diola beren ekonomiari", Catalina Perazzo Save the Childreneko Sentsibilizazio eta Haurtzaro Politiken zuzendariaren arabera.
Erakundeak adierazi duenez, haurren pobrezia modu eraginkorrean murrizteko –krisia baino lehen % 26an zegoen–, hainbat elementu hartu behar dira kontuan. Lehenengoa da Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren ordez pobreziaren muga hartzea kalkulurako bizi-errenta hau nork jaso dezakeen zehazteko orduan; izan ere, hori erabiliz gero, ia milioi bat familia pobrezia-arriskuan utziko lirateke laguntzarik jaso gabe, eta horietatik 300.000 eta 400.000 artean haurrak dituzte ardurapean, Save the Childrenen arabera. Horren ordez, pobreziaren muga eta haurrak barne hartzen dituen eskala erabiltzea proposatu du Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Horrek Espainiako Estatuan seme-alabak ardurapean dituzten 1.232.528 etxeri egingo lieke mesede.
Save the Childrenen ustez, garrantzitsua da etxe batean bizi diren haurren premiak (energia elektrikoa eta berokuntza, esaterako) gehitzea dirulaguntzari. "Etxebizitza batek gehiago kontsumitzen du adingabeen kopuruak gora egin ahala, eta, beraz, muga helduen arabera soilik kalkulatzeak seme-alabak dituzten familien % 12 bizi-errenta horretatik kanpo utziko lituzke", gogorarazi dute.
Halaber, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko dirulaguntza bat izatea ere eskatzen du, lehen semea edo alaba hazteko kostuaren % 50 inguru ordaintzeko, eta balio hori % 30 handitu dadila adingabe bakoitzeko. Gainera, kopuru hori handiagoa litzateke guraso bakarreko familientzat, "baliabide gutxiagorekin egin behar baitiete aurre hazkuntza gastu berei".
Hala, haur baten gutxieneko premiak betetzeko etxe batek hilean 480 eta 590 euro artean hartu behar baditu bere gain, gobernuz kanpoko erakundeak proposatu du laguntza 250 eurokoa izatea lehen seme-alabarengatik eta 75 eurokoa gainerako bakoitzarengatik (300 euro eta 90 euro, hurrenez hurren, guraso bakarreko familia bada).