Gizartea -
Koronabirusa
Merkataritza guneak edukieraren % 40an zabalik eta kultura jarduerak baimenduta
Merkataritza guneetan, ezin da eremu komunetan egon, bertatik igarotzeko ez ezik. Aire libreko kultura jardueretako publikoa 400 pertsonakoa izango da gehienez.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak eta Udaltzaingoek irizpide berriei jarraituko diete gaurdanik, Euskal Autonomia Erkidegoa deseskalatzearen 2 fasean sartu denez gero: merkataritza guneak edukieraren % 40an irekiko dituzte eta ezingo da eremu komunetan egon, bertatik igarotzeko ez bada. Gainera, aire libreko kultura jarduerek 400 pertsona bilduko dituzte gehienez, ezkontzek 100 eta kongresu, museo, antzerki eta zinema aretoek 50.
Txikizkako salmenten eta zerbitzu profesionalen establezimendu eta lokaletan (denak ireki daitezke), bezero bakarra egon daiteke barruan, bi metroko segurtasun tartea gorde ezin bada. Gainera, 65 urtetik gorakoek zerbitzua jasotzeko lehentasuna izango duten ordutegi bat ezarri beharko da.
Merkataritza guneak
Merkataritza guneak eta merkataritza parkeak ere ireki ahal dira gaurdanik, bakoitzaren babes planean zehaztutako aforoari jarraituta betiere, eta eremu komunetan edukieraren % 30 beteta gehienez ere.
Gainera, saltoki bakoitzaren aforoa % 40ra arte murriztu da, eta bezeroak ezingo dira eremu komunetan egon, bertatik igarotzeko ez bada.
Eremu komun horietan dauden ostalaritza eta sukaldaritza lokalei dagokienez, berariazko jarraibideak ezarriko zaizkie.
Beilak eta hiletak
Beilak espazio publiko zein pribatuetan egin ahal dira. Aire librean izanez gero, 25 pertsona bildu daitezke gehienez, eta 15, espazio itxian izanez gero.
Hiletatan, gehienez 25 adiskide eta senidek lagundu ahalko diote gorpuari, lurperatzea zein errausketa izan, hileta zuzenduko duen pertsonaz gain.
Gurtza tokietara ere joan daiteke, baina edukieraren % 50 bete daiteke soilik.
Ezkontzak
Ezkontzak instalazio publiko eta pribatuetan egin ahalko dira, aire librean zein espazio itxietan, baina edukieraren % 50 beteko da soilik; aire librean izatera, 100 pertsona egongo dira gehienez, eta, espazio itxietan, 50.
Ostalaritza
Hotel, apartahotel, landetxe, alojamendu turistiko eta kanpingetan, eremu komunak ireki daitezke, baina aforoaren % 30etik behera beteko da.
Lokalen barruan kontsumi daiteke, edukieraren % 50era gehienez jota eta baldintza hauen pean: mahaiaren edo mahai segida baten bueltan eserita egongo da bezeroa eta ez da inola ere autozerbitzurik izango barran.
Elkarte gastronomiko eta txokoak edukieraren % 50ean ireki daitezke, ostalaritza eta sukaldaritza lokalen neurri berdinei jarraituta. Ezingo da dantzalekurik edo gaueko aisialdirako lokalik ireki.
Familia bilkurak
Familia bilkurak eta bilera sozialak baimenduta daude, etxeetan, lokal pribatuetan eta aire librean, betiere 15 pertsonatik beherakoak badira eta osasun agintariek ezarritako neurriak betetzen badira.
Gainera, tutoretzapeko etxebizitzetan, urritasunak dituzten pertsonentzako egoitza zentroetan eta adinekoentzako egoitzetan bizi direnak bisita daitezke, baita beraiekin paseoak egin ere, Foru Aldundiek ezarritako egutegiari eta neurriei jarraituta.
Kultura jarduerak
Museoek edukieraren % 50 bete dezakete. Kultura etxeek, antzokiek eta zinema aretoek, bestalde, edukieraren herena bete eta gehienez jota 50 pertsona bil dezakete.
Espazio irekietan, gehienezko aforoa egoitzaren herena izango da eta ezingo dira 400 pertsona baino gehiago bildu. Publikoa eserita egongo da, segurtasun neurriak eta distantzia zainduta.
Hezkuntza eta biltzarrak
Autoeskola eta akademiak ere ireki daitezke, aforoaren herenera iritsi arte, eta azterketa ofizialak deitu, antolatu eta egin daitezke dagoeneko.
Halaber, biltzar, topaketa, negozio bilera eta mintegiak egin daitezke, baina haietan parte hartuko dutenek bi metroko segurtasun tartea bete behar dute, ezingo dira inoiz ere 50 lagunetik gora batu eta ahal dutenek aurrez aurre ez parte hartzea erraztu beharko da.