Gizartea -
Koronabirusa
258 kutsatu daude Bizkaiko egoitzetan, eta 1.351 egoiliarrek gaitza gainditu dute
Asteazkenean aditzera emandako zenbaketan baino 149 kutsatu gutxiago dira. Horietatik 27 ospitalean daude, aurreko zenbaketako kopuru berbera.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Aldundiak kudeatzen dituen adinekoen egoitzetan 258 pertsona daude COVID-19ak kutsatuta, horietatik 27 ospitaleratuta. Gainera, 1.351 adinekok gaixotasuna gainditu eta negatibo eman dute probetan, Bizkaiko Foru Aldundiak aditzera emandako datuen arabera.
Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuak jasotako datuen arabera, ostegunean, maiatzak 21, Bizkaiko 155 egoitzetatik 33tan zegoen egoiliarren bat koronabirusarekin gaixo.
Bizkaiko egoitzen sareak 10.748 plaza ditu eta 258 egoiliar daude COVID-19arekin gaixo, asteazkenean aditzera emandako azken zenbaketan baino 149 gutxiago. Horietatik 27 ospitalean daude, aurreko zenbaketako kopuru bera.
Halaber, koronabirus kasuak hartzeko unitate berezietan 57 pertsona daude: 28 Birjinetxean eta 29 Unben.
Kutsatutako langileak
Bestalde, eta adinekoen egoitzetako langileei dagokienez, 114k eman dute positibo, aurreko zenbaketan baino 8 gutxiago. Beste 141 langile isolamenduan daude (aurrekoan baino 2 gutxiago), baina gaixotasuna dutela konfirmatu gabe.
Koronabirusaren osasun krisia hasi zenetik, 279 pertsona hil dira gaixotasunaren ondorioz Bizkaiko egoitzetan, eta hil ziren beste 32k gaixotasuna zutela susmatzen dute, Aldundiak emandako azken datuen arabera. Datu horietan maiatzeko lehen hamabostaldikoak ere sartu dituzte.