Gizartea -
Zaldibarko luizia
Europak Zaldibarko luizia ikertu nahi duela adierazi izanak ez du Arriola kezkatzen
Europako Batzordeari "beharrezko informazio guztia" emango diotela ziurtatu du Ingurumen sailburuak, eta egun bakar batean ere ez diotela lan egiteari utzi nabarmendu du.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Batzordeak Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren inguruan gertatutakoa ikertu nahi izateak ez duela "batere kezkatzen" ziurtatu du asteazken honetan Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak. Ildo horretatik, Europako Batzordeari "beharrezko informazio guztia" emango diotela iragarri du.
Ingurumen sailburuak nabarmendu duenez, koronabirusak osasun arloan erangidako krisian murgilduta egon arren, lanean jarraitu dute Zaldibarko hondakindegian, desagertutako bi langileak (Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze) aurkitzeko asmoz.
"Egun bakar batean ere ez zaio lan egiteari utzi, Ingurumen Sailaren baliabide eta bitarteko guztiekin. 100 pertsona baino gehiago ari dira egunero zabortegiaren inguruan lanean. Alberto eta Joaquin aurkitzea da gure asmoa, eta nahi hori lortu ahal izatea espero dut", gaineratu du.
"Ez dugu eremu horretan bakarrik lan egiten; izan ere, arrazoien azterketan eta Zaldibarko zabortegiari dagokionez Departamentuaren jardueraren auditoria batean ere ari gara lanean. Europako Batzordeari behar den informazio guztia emateko prest gaude", esan du.
Nolanahi ere, Virginijus Sinkevicius Europako komisarioak Zaldibarko hondakindegian gertatutakoa aztertuko zuela iragarri izanak harrituta utzi zuela onartu du Arriolak. Zehazki, PPko, Ciudadanoseko eta Unidas Podemoseko eurodiputatuek auzi horri buruz egindako zenbait galderari erantzunez hartu zuen erabakia komisarioak.