Gizartea -

KORONABIRUSA

Hiru hildako EAEn eta bakar bat ere ez Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Atzo, 15 kasu atzeman zituzten PCR proben bidez: 3 Araban eta 12 Bizkaian. Bestalde, Nafarroan 101 kasu berri atzeman dituzte aurreko balantzetik.

Iruña, konfinamenduaren hamargarren astean. Argazkia: EFE
Iruña, konfinamenduaren hamargarren astean.
Hiru hildako eta 15 COVID-19 kasu berri EAEn, azken orduetan

2:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) COVID-19aren eraginez azken orduetan; beraz, orain arte 1.470 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 15 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera (asteleheneko 00:00ak arte bildutakoak).

Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute datu horiek; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da bosgarren egunez jarraian. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 5.276 detekzio-proba egin zituzten atzo: 2.859 PCR eta 2.417 test azkar.

Azken orduetan 15 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.409 guztira) eta 143 test azkarren bidez (5.487), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 18.896 kasu baieztatu dira orain arte.

Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman bigarren egunez jarraian. Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2.312 guztira), eta bigarren egunez jarraian ez da kasurik baieztatu PCR bidez.

Horrez gain, EAEn beste 591 kasu positibo atzeman direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina horietako bat ere ez azken 24 orduetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 166.314 PCR proba eta 97.737 test azkar egin zaizkie 144.782 pertsonari (paziente askori, ordea, behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, egun duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 184 pertsona sendatu dira (guztira 16.387). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,75). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailak esanetan, gainera, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, 3 gaixo gutxiago baitituzte. Horrela, gaur egun 45 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1.470 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8). Gainera, gaur egun 45 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, atzo baino 3 paziente gutxiago, eta 1.039 gaixo daude oraindik (% 5,5).

Astelehenean 4 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19a dela eta, baina Osasun Sailak ez du jakinarazi gaur egun guztira zenbat dauden ospitaleratuta.

Ildo horretatik, birusak Euskadin azken asteetan izan duen beheranzko joerak egonkor jarraitzen duela nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak goizean egin duen agerraldian, baina arreta ez jaisteko deia egin du. "Ez diogu beldurrik izan behar koronabirusari, berarekin bizi beharko dugulako", gaineratu du.

Bestalde, Nafarroan ez dute COVID-19ak eragindako hildakorik zenbatu bigarren egunez jarraian. Guztira 503 pertsona hil dira Foru Erkidegoan pandemia hasi zenetik.

Azken orduetan 101 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan PCR proben eta test azkarren bidez, eta orain arte 8.436 kasu positibo baieztatu dituzte orotara.

Halaber, 3 gaixo berri ospitaleratu dituzte, 2.048 guztira, baina zainketa intentsiboetako unitateetan ez dute paziente berririk jaso. Hala, 136 dira orain arte zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar zan dituzten nafarrak.

Bestalde, koronabirusa zuten 4.009 paziente sendatu dira jada Foru Erkidegoan; horietatik, 104 azken orduetan.

Azken orduetan hildakoen kopurua 100etik beherakoa da hirugarren egunez Espainian

Koroabirusaren ondorioz hildako pertsonen kopuruak beste gorakada bat izan du astearte honetan, 83 pertsona hil baitira. Alabaina, hirugarren egunez jarraian kopuruak 100etik beherakoa izaten jarraitzen du. Estatuan, 27.778 pertsona hil dira jada, eta kutsatutakoen kopurua ia 295era iritsi da. Kutsatutakak 232.037 dira guztira.

Salvador Illa Osasun ministroak baieztatu duenez, bihar argitaratuko ditu BOEk bi metroak bete ezin diren leku itxi eta publikoetan maskarak derrigorrez erabiltzeko arauak.

Halaber, egoera epidemiologikoak edo Europa mailako beste akordioren batek "osasun publikoa babesteko berme berdinak" ematen baditu, bidaiarien berrogeialdiari buruzko erabakia aldatuko duela azaldu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa