Gizartea -
Sexu erasoa
Bi gizon atxilotu dituzte Mungian, sexu eraso batekin lotuta
Bizkaiko udalerriko Udaltzaingoak 45 eta 48 urteko bi gizonezko atxilotu ditu, emakumezko baten sexu askatasunaren aurkako delitu bat egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
45 eta 48 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur, astelehenarekin, goizaldean, Mungia Bizkaiko udalerrian emakumezko bati egin dioten sexu eraso batekin lotuta daudelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, astelehen goizaldeko hamabiak eta laurdenetan, herritar batek Polizia bertaratzeko eskatu du, ondoko etxebizitzatik iskanbila eta emakume baten oihuak entzuten zirelako. Udaltzainak bertaratu dira, eta, bi gizonezkoak identifikatu eta sukaldean odol arrastoak, mahai apurtu bat eta etxea nahaspilatuta ikusi eta gero, emakumezko baten oihuak entzun dituzte.
Aurpegian odola zuela, emakumeak poliziei esan die bikotekidearekin eztabaida izan zuela, eta, eraso eta gero, sexu harremanak izatera behartu duela. Gainera, beste gizonezkoak, bikotekidearen bizilagunak, ere erasoan parte hartu duela adierazi du.
Biktimak salaketa jarri eta gero jakin denez, Mungiatik kanpo bizi den emakumezkoa ostiraletik zegoen bikotekidearen etxean, gatibu eta sakelako telefonoa kendu ziotela. Horren aurrean, legez kanpoko atxikitzea ere leporatuko diete.
Atxilotuok Gernika-Lumoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi zituzten atzo arratsaldean, eta aske utzi zituzten, hilean birritan, hilaren 1ean eta 15ean, bertan agertzeko aginduarekin.