Gizartea -
KORONABIRUSA
ELAk greba mugagabea deitu du Hezkuntzan, maiatzaren 25etik aurrera
Egun horretatik aurrera ikasleak eskoletara presentzialki itzultzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak maila batzuetan. LABek ez du greba baztertzen baina ez du oraindik erabakirik hartu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lan eta Justizia Departamentuari maiatzaren 25etik aurrera greba deialdi mugagabea egin duela jakinarazi dio ELAk. Egun horretatik aurrera ikasleak eskoletara presentzialki itzultzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak maila batzuetan.
Maiatzaren 8an aurkeztu zuen deialdia sindikatuak lanuzteak 19an hasteko asmoz, Batxilergoko 2. mailan, goi mailako Lanbide Heziketako 1. eta 2. ikasturteetan, eta gradu ertaineko LHko 2. mailan.
Hezkuntza sailak itzulera 18tik 25era atzeratu ostean, ELAk idatzia igorri zion ostiral honetan bertan Lan Departamentuari grebaren hasiera eguna aldatzen zuela jakinaraziz.
Hala, maiatzaren 25era igaro da deialdia eta DBH 4, Batxilergoko 1. maila, gradu ertaineko LHko 1. maila eta Hezkuntza Bereziko zentroak ere sartu dituztelarik.
LABetik, Irati Tobar Hezkuntza idazkariak adierazi du bilerak egiten aritu direla egunotan arloko sindikatuak hezkuntza komunitatean haserre handia eragin duen gai hau aztertzeko. Langileak "greba bezalako erreminta juridikoak erabiltzeko prest" daudela esan du baina ez dagoela oraindik ezer erabakita eta LAB une honetan zentroetan "plantoak" deitzearen aldekoa dela, horiek "osasun segurtasun guztiekin ireki daitezkeen arte".
Azkenean LABek grebara jotzea erabakiko balu, "piketeak egiteko" izango litzatekeela ere adierazi du, Hezkuntzari "hau ez dugu onartzen" esateko, alegia.
Tobarrek esan duenez, giro ona dago sindikatuen artean eta nahiago lukete publikoki ez esatea ze protesta molde aztertzen ari diren "grebaren gainean jarriko delako bestela azpimarra, eta albisteak "hezkuntza komunitatea egiten ari denaren ingurukoa" izan beharko lukeela uste duelako.
"Sindikatuok, patronalek eta guraso elkarteek ikuspegi bera dugu, uste dugu horrela ezin direla eskolara bidali ez ikasleak ez irakasleak. Ezinegon horretan jarri nahi dugu azpimarra" nabarmendu du.
Greba beste baliabide bat dela berretsi du eta ELAk aurreabisua aurkeztu badu epe kontuengatik dela uste duela gaineratu, du; hau da, azkenean, bide horri heltzea erabakitzen badute, legeak ezartzen dituen epeak betetzeko.