Gizartea -
KORONABIRUSA
Bost hildako eragin ditu koronabirusak azken orduetan Hego Euskal Herrian
Hildakoen zein PCR positiboen datua ezberdina da Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzako txostenetan. Espainian, 102ra arte jaitsi da hildakoen eguneko datua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko koronabirus kasuen kontabilizazioan izandako aldaketek Espainiako Gobernuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko zifra-dantza eragin dute eguerdian. Lehenengoak hildako baten eta PCR bidez atzemandako 34 positiboren berri eman du Euskal Autonomia Erkidegoan, ostiraleko 21:00ak arte. Handik 30 minutura, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, baina, lau hildako eta 16 PCR positibo (1 Araban, 13 Bizkaian, O Gipuzkaon eta 2 EAEn bizi ez diren bi pertsonena) izan direla jakinarazi du.
Espainiako Gobernuaren txostenak bezperako 21:00ak arteko datuak ematen ditu. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak 20:00ak arteko datuak eskaintzen zituen eta bien datuak bat zetozen. Orain, ordea, bere eguneko buletinak 24:00ak arteko datuak jasoko dituela erabaki du Eusko Jaurlaritzak; beraz, baliteke Espainiako Gobernuaren txostenaren eta Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arteko 3 hildakoen aldea 21:00ak eta 24:00ak bitartean gertatutako heriotzengatik izatea. Hala ere, hiru orduko "lapsus" horrek ez du justifikatzen Espainiako Gobernuaren arabera, atzoko 21:00ak arte EAEn 34 positibo atzematea PCR bidez eta Eusko Jaurlaritzak esatea 16 izan zirela 24:00ak arte.
Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arabera, 7.963 proba egin ziren EAEn atzo (4.637 PCR eta 3.326 test azkar). Test azkarretan 157 positibo atzeman zituzten txosten horren arabera, baina Espainiako Gobernuaren txostenaren arabera, 422 positibo izan ziren.
Ikusi egin beharko da kontabilitatearen inguruko zalantzak datozen orduetan argitzen ote diren.
Guztira,1.459 pertsona hil dira Euskadin pandemia hasi zenetik eta une honetan 50 pertsona daude Zaintza Berezien Unitateetan.
Murgak nabarmendu duenez, azken egunotako datuek "gora eta behera" egiten duten arren, "bilakaera positiboa" adierazten dute. Horren adibide, maiatzaren 4tik 8ra PCR bidez 205 kasu atzeman ziren bitartean, maiatzaren 11tik 15era 136 izan direla nabarmendu du. "Gorabeherenen gainetik, astekako bilakaerak %33 inguruko jaitsiera erakusten du" esan du.
Jaurlaritzaren Osasun sailburuak adierazi du COVID-19aren pandemiaren garapena ikusita, EAE II Fasera igarotzea eskatzeko moduan dagoela.
Hala ere, kontu handiz ibili beharra dagoela gogoratu du eta astelehenetik aurrera Herrialdearen baitan mugitu ahal izatea, adibidez, ez dela "kontrolik gabe ateratzeko aukera" bat. Horregatik, orain arte lortutakoa ez galtzeko deia egin du.
Nafarroaren kasuan, Espainiako Gobernuaren zein Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, pertsona bat hil da koronabirusarekin, 501 guztira, eta azken 24 orduetan 21 kasu berri erregistratu dira PCR probaren bidez (% 0,41eko igoera).
Atzoko egunari dagokionez, ez da ospitaleratze berririk behar izan, eta ZIUn ere ez da inor berririk sartu behar izan.
Bestalde, azken orduetan 108 pertsona sendatu dira, hau da,% 3 gehiago.
102 pertsona hil dira Espainian,azken bi hilabeteetako daturik txikiena
Azken orduetan 102 pertsona hil dira Espainian, koronabirusarekin. Hala, 27.563 pertsona hil dira guztira COVID-19 gaitzarengatik, Osasun Ministerioaren datuen arabera.
PCR bidez 539 kasu berri atzeman dira; guztira, 230.698 kasu proba hauen bidez pandemia hasi zenetik.
Orain arte, 144.446 lagunek gainditu dute gaixotasuna, azken 24 orduetan 337 pertsona sendatu ostean.
Autonomia-erkidegoek jakinarazitako datuen arabera, kutsatu diren osasun arloko langileak 50.723 dira.