Gizartea -
Deseskalatzea
Batxilergoko 2. mailako Nafarroako ikasleak ekainaren 1ean itzuliko dira klasera
Itzulera aukerakoa izango da. Haurreskolakoak eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak, berriz, ez dira ikasturtea amaieran itzuliko.
Agentziak | Erredazkioa
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak iragarritakoaren arabera, Haurreskoletako eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak ez dira ikasturte amaieran klasera itzuliko, baina Batxilergoko 2. mailakoek itzultzeko aukera izango dute selektibitatea eta azterketen ezohiko deialdia prestatzeko, Nafarroa deseskalatzearen 2 fasera pasatuz gero.
Gimenok Nafarroako hezkuntzarako 2 faserako plana azaltzeko parlamentuko batzordean egindako agerraldian eman du horren berri, Gimenok berak, Navarra Sumak eta EH Bilduk eskatuta.
Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, Batxilergoko 2. mailako ikasleei klasera itzultzeko aukera ematea erabaki dute “garrantzi akademikoa” kontuan izanda eta “prebentziozko neurriak gordetzeko bermea” dagoela ikusita.
Leku nahikoa ikastetxeetan
Zentzu horretan, Haurreskoletako eta Lehen Hezkuntzako zein Hezkuntza Bereziko ikasleen kasuan “bi metroko distantzia gordetzea eta babeserako ekipamenduak ondo erabiltzea” ezin dutela “ziurtatu” adierazi du. “Zaila da materialak partekatzen diren ikasgela batean distantziak gordetzea”, azpimarratu du Gimenok. Institutuetako ikasleen kasuan, berriz, “Batxilergoko 2. mailako ikasleen itzulera gauzatzeko leku nahikoa izatea oztopatuko lukeela” azaldu du.