Gizartea -
Koronabirusa
Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaiak, bertan behera
Horixe iragarri dute hiru alkateek, eta esan dute elkarrekin adostutako erabakia izan dela, COVID-19aren pandemiagatik zaindu beharra dagoen distantzia soziala dela eta.
eitb.eus
Donostiako, Bilboko eta Gasteizko alkateek uda honetako jaiak bertan behera uztea erabaki dute, COVID-19aren pandemiagatik zaindu beharra dagoen distantzia soziala dela eta.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gorka Urtaran Gasteizkoak eta Eneko Goia Donostiakoak abuztuan egitekoak ziren jaiak ezingo direla ospatu iragartzea adostu dute gaur goizean.
COVID-19ak eragindako larrialdi-egoera aztertzeko, lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiekin egindako bileren ostean eta aire librean eta ekitaldi jendetsuetan edukiera mugatu behar delako hartu dute erabakia, osasun publikoa bermatzeko irizpideari jarraituta.
"Hiru hiriburuen erabakia koherentea da osasun publikoa bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin eta Eudelen kultur eta jai ekitaldietarako (aho batez) adostutako mugekin", azaldu dute hiru udalek.
Gainera, eragile sozialekin eta kulturalekin hiri bakoitzean kultura, arte eta aisiarako beste ekitaldi batzuk eskaintzeko egitaraua osatzeko konpromisoa hartu dute.
Erabakia hartzeko modua kritikatu du Bilboko Konpartsak
Bestalde, Aste Nagusia bertan behera uzteko erabakia aldebakarrez hartu izana kritikatu du Bilboko Konpartsak. "Jaiak antolatzen ditugun eragileei kontsultarik egin barik eta aurrez ezer jakinarazi gabe hartu dute erabakia", salatu dute ohar batean.
"Elkarlanean eta horizontalki aritu beharrean, politikariek eta erakundeetako agintariek bertikalki hartu dituzte erabakiak, Aste Nagusia antolatzeko lanetan ibili garen eragileei kontsultarik egin gabe eta informaziorik eman gabe", erantsi dute.
Aste Nagusia antolatzeko lanak urrian abiarazi zituztela gogoratuta, ilusiorik galdu ez dutela azpimarratu dute eta alternatibaren bat pentsatuko dutela iragarri dute, zer izan daitekeen zehaztu gabe. Hori bai, "ahaztezina" izango dela agindu dute.
Sanferminak ere, bertan behera
Gogoratu behar da Euskal Herriko jai internazionalenak ere, Iruñeko sanferminak, bertan behera utzi zituela Udalak apirilaren 21ean.