Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskal Administrazioko langileen "itzuleran hutsuneak" salatu ditu ELAk

Ohartarazi duenez, langileen % 85ek ez dela "egokia" Eusko Jaurlaritzak "inposatutako" prozesua uste dute.

Eusko Jaurlaritzaren eraikina, Gasteizen. Artxiboko irudia.
Eusko Jaurlaritzaren eraikina, Gasteizen.
Eusko Jaurlaritzaren eraikina, Gasteizen. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prebentziorako "gabezia ugari" salatu ditu ELA sindikatuak EAEko administrazioaren zentroetan, aurrez aurreko lanari "inposatutako" laneratzearen ostean. Gainera, bere langileen artean egindako inkesta baten arabera, % 85ek ez dela egokia Eusko Jaurlaritzak diseinatutako prozesua adierazi dute.

Azaldu duenez, ELAko langileen ordezkariak EAEko Administrazio Orokorreko eraikinak bisitatzen ari dira egunotan, "inposatutako birlaneratze honetan segurtasun baldintzak" betetzen ari diren egiaztatzeko. Bisita horietan, deitoratu duenez, "Gobernuaren propagandatik haratago, langileen osasuna arriskuan jar dezaketen gabezia ugarirekin egin dugu topo" hiru lurralde historikoetako hainbat eraikinetan.

Hain zuzen ere, "prebentzio-distantziei, korridoreei, garbiketa-gelen garbiketari edo gel desinfektatzailerik ez egoteari buruzko ez-betetzeak", besteak beste, atzeman ditu ELAk hainbat lantokitan.

Sindikatuak ziurtatu duenez, Lanbideko bulego batzuetan "babes pantailarik gabe ari dira lanean, distantziak ez dira betetzen, eta jendearen harrera gunea kezkaz estua da, baldintza horietan gutxieneko segurtasun neurri batzuk gordetzea bideraezina bilakatuz".

"Garbiketa zerbitzuak ez dira indartu", kritikatu du ELAk, nahiz eta hori bai sindikatuek, bai garbiketako langileek eskatu duten. Azaldu duenez, "ez dira segurtasun baldintzak hobetu, ez da langile kopurua indartu kontratazio berriekin, komunak behin bakarrik garbitzen dira, horrek dakarren kutsatze arriskuarekin".

Halaber, Lakuako jantokia itxita egon arren, "maiatzaren 11n langileei lanera itzultzera eta ez dagozkien lanak egitera behartu zitzaien", salatu du.

Ildo horretan, ELAk Jaurlaritzari eskatu dio Jarraipen Batzorde bat sortzeko, telelanaren praktika zabaltzeko eta langileen itzulera atzeratzeko, "beharrezko segurtasun neurriak bermatu arte". Hala ere, "beste behin ere, agerian geratu da Gobernuak ez diela oinarrizko eskaerei erantzuten", gaitzetsi du.

Sindikatuak inkesta bat egin du aste honetan aurrez aurreko lanera itzuli diren langileen artean, eta horren arabera, "% 91,6k Eusko Jaurlaritzak ez duela aintzat hartu langileen iritzia adierazi dute".

ELAren inkestako datuen arabera, % 85,6ri "desegokia" iruditzen zaio itzulera prozesua. 10 langiletik zortzik nahiago du telelanean jarraitu egungo osasun krisi egoeran, eta "gehienek prebentzio neurriak eskasak direla uste dute". % 81,5ak langileei testak egin behar zaizkiela uste du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Funtzionarioak Gaixotasunak Lanbide Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera Deseskalatzea Lana etxetik berriak