Gizartea -
Deseskalatzea
Zentro bakoitzak erabakiko du eskolak nola berrabiatu, ikuskaritzaren "bermearekin"
Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikastetxe bakoitzak erabakiko du “zeintzuk ikasle itzuliko diren, nola itzuliko diren, zein klase emateko, eta eskolak aurrez aurrekoak izan behar duten ala ez”.
Agentziak | Erredakzioa
Eskolen itzulera noiz eta nola egin ikastetxe bakoitzak erabiliko duela ziurtatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, baina egindako “antolaketa” Ordezkaritza Organo Nagusiarekin “kontrastatu” ostean eta hezkuntza ikuskaritzaren “bermea” izanda.
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Uriartek esan du behin bermea lortuta, ikastetxe bakoitzak erabakiko duela “zein ikasle itzuliko diren, denak itzuliko diren ala ez, nola itzuliko diren, zein eskola jasotzeko eta eskola horiek aurrez aurrekoak izan behar duten ala ez”.
Sailburuak esan duenez, “malgutasuna” dago ikastetxe bakoitzak bere erabakia hartu ahal izateko, izan ere, “ikastetxe bakoitza da bere egoera zein den ondoen ezagutzen duena”. Hezkuntza saila “erantzukizunez” ari da “behar duenak ikastetxera itzultzeko aukera izan dezan”.
Horri begira, ikastetxeei “irizpide eta neurri batzuk” helarazi dizkiete, “prebentziozkoak eta orokorragoak”, higienea eta segurtasuna gordetzeko. Uriartek adierazi duenez, eskoletara buelta maiatzaren 25era arte atzeratu dute Espainiako Gobernuaren “segurtasun juridikoa” falta zutelako. Hala ere, hezkuntza alorrean mesfidantza zegoela onartu du.
“Urduritasuna eta ziurgabetasuna”
“Datak gainean genituela eta familiak eta ikastetxeak urduri eta zalantzekin zeudela ikusita, eskolak berrabiatzea astebete atzeratzeko erabakia hartu genuen, bermea izateko azken momentura arte itxaron gabe, eta horrela aurrez aurreko klaseetara itzultzeko lanean jarraitu ahal izateko eragile guztiekin batera”, azaldu du Cristina Uriartek.
Sailburuak esan duenez, “denetik dago”, “batzuk itzuli nahi dute, beste batzuk ez, edo ez die merezi, ikasturte amaierara egoera onean iritsi direlako”.