Gizartea -

Gasteiz

Ertzaintza Talka gune feministan bertaratu da berriro, eta bi pertsona atxilotu ditu

Elkarteak jakinarazi duenez, bigarren aldi honetan ere agindu judizialik gabe joan dira, eta barruan zeuden bi lagun eraman dituzte.

Ertzaintza, Talka gune feministan. Argazkia: Talka
Ertzaintza, Talka gune feministan. Argazkia: Talka
Ertzaintza, Talka gune feministan. Argazkia: Talka

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza Gasteizko Talka gune feminista jendez husten saiatu da gaur berriro, baina oraingo honetan ere, elkarte feministatik jakinarazi dutenez, ez dute agindu judizialik eraman.

Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, dozenaka ertzain joan dira, eta bi pertsona gutxienez atxilotu dituzte, barruan zeuden bi lagun.

Goizeko zortziak aldera izan da gertakaria, Hedegile kaleko 33.ean, kolektiboak 2019ko amaieran okupatu zuen Adolfo Domingez arropa dendaren lokal batean.

Dirudienez, jabearen aginduz, langile batzuk lokala hormatzen saiatu ziren duela astebete, baina ezin izan zuten egin barruan jendea zegoelako.

Gaur hainbat ertzain eta udaltzain bertaratu dira lokala jendez husteko, eta bi emakume eraman dituzte atxilotuta, desobedientzia larria eta higiezina lapurtzea egotzita.

Talka kolektiboak beste gune bat okupatu zuen, Araba-Velasko Jauregia, 2019ko otsailean, baina orduan ere jendez hustu zuten jabeen aginduz, eta bi pertsona atxilotu zituzten.

LABen salaketa

LAB sindikatuak salatu duenez, azken egunotan, "salbuespen egoera aprobetxatuta", gazteak eta emakumeak aurrera eramaten ari diren proiektuen aurkako ekintzak egiten ari da Ertzaintza.

Ohar batean, Getxoko Itzubaltzeta gaztetxearen itxiera eta Talka gune feminista autogestionatua aipatu ditu adibide gisa.

LABen arabera, "osasun krisiaren aitzakiapean", EAJ "herri ekimen autogestionatuen aurkako erasoak ari da agintzen bata bestearen atzetik", eta proiektu horien aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Feminismoa