Gizartea -
Gipuzkoa
GHK-k espedientea ireki dio Zubietako erraustegiaren kudeatzaileari, isuriagatik
Larunbatean izandako isuriak ehunka arrain hil zituen. Uraren Euskal Agentziak isurketari buruzko beste ikerketa bat abiatu zuen joan den astean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak espedientea ireki dio Zubietako erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresari Arkaitzerrekan izandako isurketa dela eta. Ehunka arrain hilda agertu ziren larunbatean.
GHK-k ohar batean azaldu duenez, Ekondakinek onartu du maiatzaren 7an amoniakoa isuri zutela ubidera, zisterna bat husten ari zirenean.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak datu horren berri eman die Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaritzei eta Uraren Euskal Agentziari (URA).
Halaber, espediente zigortzailea ireki dio Ekondakin enpresari, ardurak argitzeko eta balizko zigorrak aztertzeko.
Bestalde, URA agentzia ere isurketa ikertzen ari da bere aldetik.
Joan den igandean, isurketaren berri izan ostean, GHK-k azpimarratu zuen erraustegian erabiltzen duten ura "zirkuitu itxi baten bidez" mugitzen dela eta araztegi-sistema propioa dutela.
Halaber, Gipuzkoako Ingurumen Zentroa osatzen duten lau lantegietatik isurketarik egiten ez dela eta zirkuitu itxi horrek behar bezala funtzionatzen duela ziurtatu zuen oharrean.
Horrez gain, erraustegiaren kanpoaldean jazo den edozein gertakariri buruzko informazioa emateko eskatu zion GHK-k Ekondakin enpresari.