Gizartea -
Koronabirusa
Bizkaiko zahar-etxeetako 592 erabiltzaile kaltetuta daude, eta 923 sendatu dira
Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuaren arabera, Bizkaiko adinekoentzako 155 egoitzetatik 40k COVID-19a atzemateko proban positibo eman duten erabiltzaileak dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako Bizkaiko egoitza-zentroen sareak COVID-19a duten 592 erabiltzaile ditu, eta horietatik 40 ospitaleratuta daude. Gainera, 923 egoiliarrek gaixotasuna gainditu dute, eta negatibo eman dute egindako probetan.
Joan den asteazkenean, maiatzaren 13an, Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzura helarazitako datuen arabera, adinekoentzako 155 egoitzetatik 40k COVID-19a atzemateko proban positibo eman duen erabiltzaileren bat daukate.
Bizkaiko egoitza-sareak 10.748 plaza ditu, eta COVID-19a duten 592 erabiltzaile ditu, joan den asteleheneko datuekin egindako azken zenbaketan baino 71 gutxiago. Horietatik 40 erietxean daude, bi egun lehenago baino sei gutxiago.
Proba diagnostikoetan negatibo eman duten erabiltzaileak 923 dira, azken zenbaketan baino 46 gehiago.
Gainera, koronabirus bidezko infekzio-kasuak artatzeko unitate soziosanitario espezializatuek egoitza-sarearen 43 eta 47 erabiltzaile hartzen dituzte Birjinetxen eta Unben, hurrenez hurren, eta 4 Santurtzin.
Langileak
Bizkaiko egoitzetan, 201 langilek eman dute positibo (19 gutxiago) eta 112 langile (6 gehiago) isolatuta daude, COVID-19a atzemateko proban positibo eman ez arren.
Bizkaiko sarean hildako pertsonei dagokienez, apirilean 247 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz. Gainera, beste 30 hildakok COVID-19a zuten susmoa dute.
LABen arabera, heriotza kopuru handiak agerian utzi du adinekoentzako gizarte-zerbitzuak "defizitarioak" direla
LAB sindikatuak salatu duenez, koronabirusak adinekoen egoitzetan izandako heriotza kopuru handiak (Euskadin hildakoen % 40) agerian utzi du kolektibo horrentzako prestazio sozialak "erabat defizitarioak" direla.
Sindikatu abertzaleak ohar batean azpimarratu du egungo kudeaketa eta babes sozialaren eredua, azpikontratazioan oinarritua eta "irabaziei lehentasuna" ematen diena, langileen zein erabiltzaileen prekarietatea areagotzen duela.
LABek titulartasun eta kudeaketa publikoko gizarte-zerbitzuen beharra azpimarratu du, "kapitalaren interesen gainetik bizitza bermatzeko". Koronabirusaren pandemiaren aurrean neurriak hartzerakoan, adinekoen kolektiboa ere kontuan hartzeko eskatu du, haiek baitira gaixotasun hori gehien pairatu dutenak.