Gizartea -
Zaldibarko luizia
Europako Batzordeak Zaldibarko zabortegiaren luizia ikertuko du
Kasuaren "larritasunagatik" egingo du. Haren iritziz, zabortegian atzeman beharrekoak ziren "hutsak" egon zitezkeen. Ingurumen Sailaren iritziz, "oinarririk gabeko ondorioak dira".
Agentziak | Erredakzioa
Europako Batzordea "kezkatuta" azaldu da asteazken honetan, Zaldibarko zabortegian otsailaren 6an izandako luiziagatik. Kasuaren "larritasuna" kontuan izanik, gertaturikoa aztertuko du, eta informazioa eskatuko die Espainiako agintariei. Luizia otsailaren 6an jazo zen, eta bi langile desagertu ziren horren ondorioz.
Hala azaldu du, PPko, Ciudadanoseko eta Unidas Podemoseko eurodiputatu batzuek egindako galderei erantzunez, Virginijus Sinkevicius Ingurumen, Ozeano eta Arrantza komisarioak; argitu duenez, "kasuaren larritasunagatik" esku hartze aerabaki du, nahiz eta ikertzeko erantzukizuna Euskadiko eta Espainiako Estatuko organo eskudunei dagokien.
Eurodiputatuek emandako informazioa ikusita, komisarioaren iritziz, "zabortegiaren funtzionamenduan hainbat huts handi zeudela antzematen da". Era berean, ohartarazi du euskal eta Espainiako agintariek "detektatu, zaindu, eta, azken finean, zigortu beharko" zituztela huts horiek. Horren harira, Testuinguru honetan, Ingurumen Sailak deitoratu du Sinkeviciusen taldeak ez duela aurrez aurreko informaziorik jaso, zabortegian egindako administrazio-kontrolari buruz, "oinarririk gabeko ondorioak adierazi baino lehen".
Eman duen parlamentu-erantzunean, Sinkeviciusek gogorarazi du Europar Batasunaren ingurumen-informazioaren gaineko arauek neurriak hartzera behartzen dituztela kide diren Estatuak: "Horrela, osasunerako edo ingurumenerako berehalako mehatxua egotekotan, agintari publikoen esku dagoen informazio osoa zabalduko litzateke". Horren helburua da prebentzio-neurriak hartzea edo balizko kalteak mugatzea.
Gainera, komisarioak nabarmendu du ingurumen-erantzukizuneko zuzentarauak zabortegiaren operadoreari egotzi diola ardura, "lurrarekin, urekin, babestutako guneekin eta natura-habitatekin" lotutako jardueragatik, horrek kalteak eragin baititu.
Zaldibarko kasuan, komisarioaren esanetan, lurrerako eta agian beste natura-baliabide batzuetarako "kalte handiak" egon litezke; ondorioz, "erantzukizuna duen operadoreari exijitu behar zaio kaltetutako baliabideak onbideratzea", jatorrizko egoerara itzuliz eta "zenbateko guztiak" haren gain hartuta.
Jaurlaritzaren iritziz, "oinarririk gabeko ondorioak" dira, aurrez aurreko azterketa ez baita egin
Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak deitoratu du Sinkeviciusen taldeak ez duela aurrez aurreko informaziorik jaso, Zaldibarko zabortegiaren gainean egindako administrazio-kontrolari buruz, "oinarririk gabeko ondorioak adierazi aurretik".
Eusko Jaurlaritzaren iturrien arabera, "logikoena litzateke komisarioaren taldeak iragarritako kontaktua eta azterketa aurretik egitea", ondoriorik adierazi baino lehen; hain zuzen ere, Europako Batzordeak esan du Espainiako agintariengana joko duela.
Nolanahi ere, Ingurumen Sailak nabarmendu du komisarioak "Sailaren laguntza izango duela, erabat", egiaztatzeko Europako, Espainiako eta autonomia-erkidegoko legea, Verter Recycling enpresari ezarrita, noraino bete ote den. Azken enpresa hori da zabortegiko jabe pribatua.
Ingurumen Sailak, horrez gain, gogora ekarri du bi espedienteri eman zietela hasiera, enpresaren aurka, Ingurumen Baimen Integratua ez betetzeagatik, eta ingurumen-erantzukizunagatik. Halaber, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran erreskatatzeko eta luiziaren ondorioei aurre egiteko lanak egin dituzte.
Gainera, Jaurlaritzak txostena enkargatu die hainbat adituri, luizia zergatik jazo zen argitze aldera, eta kanpoko ikuskaritza ere eskatu du; ikuskaritza Ingurumen Baimen Integratuak zabortegirako zehaztutako baldintzei buruzkoa izango da, eta administraritzak baldintza horiei jarraitu dien ala ez egiaztatzen lagunduko du.
Ingurumen Sailak Sinkevicius komisarioari emango die lan horietako emaitzen berri, prest izan ostean; komisarioak, horrez gain, beharko lukeen beste edozein dokumentazio izango du eskuragarri, "kontuaz oinarritutako iritzia izan ahal dezan".
"Kontrol eraginkorreko mekanismoak"
Erantzuna jasota, Izquierda Unidako eurodiputatu Sira Regok "kontrol eraginkorreko mekanismoak" abiatzea eskatu du, "hau bezalako kontuak errepika ez daitezen". Halaber, "Eusko Jaurlaritzaren aldetik izandako zaintza- eta kontrol-hutsen" ondorio "kaltegarriak" deitoratu ditu.
PPren aldetik, Dolors Montserrat eta Javier Zarzalejos eurodiputatuek adierazi dute Europako Batzordearen irizpenak baieztatzen duela "Zaldibarko zabortegian hainbat irregulartasun izan zirela. Tamalez, Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen desagerpenak eragin zituzten irregulartasun horiek, asko sentitzen dugu hori".
"Konfiantza dugu; gure iritziz, Europako Batzordeko ebaluazio honek balio izango du Eusko Jaurlaritzak beharrezko neurriak har ditzan eta Europar Batasuneko arauak betetzea berma dezan, horrelako ezbeharrik berriro ere gerta ez dadin", gehitu du Montserratek.
Komisarioari informazioa eman dion Ciudadanoseko eurodiputatu Soraya Rodriguezek Bruselako erantzuna aintzat hartu du, eta deitoratu du, ohar bidez, istripua gertatu zenetik hiru hilabete joan direla eta desagertuak oraindik lurperatuta daudela. Halaber, espero du Jaurlaritzak "beharrezko neurriak har ditzala, arduragabekeria hau berriro ere ez gertatzeko".
"Topa ditzatela behar dugu"
Asteazken honetan ere, Begoña Beltranek, luiziaren ostean desagertutako bi langileetako baten arreba bera, ziurtatu du senideek "biak topa ditzatela, jada" behar dutela, eta, gerora, "erantzukizunak zehaztea". Hala galdegin du Twitterreko bere profilean argitaratutako mezu batean.
Begoña Beltranek ziurtatu duenez, beharrezkoa da bi langileen gorpuak aurki ditzatela: "Lehenik eta behin, haiengatik; bizitza galdu zuten, eta hori saihesteko moduan zegoen". Halaber, "horrek familiengan utzitako min eta zulo handiagatik ere" eskatu du topatzea.
Luizia lau gunetan zatitu zuten; oraingoz, lau gune horietako bitan bilatu dituzte gorpuak, baina ez dituzte topatu.