Gizartea -

Koronabirusa

Osasuna bermatuta izan arte arbuiatu dute Hezkuntzako sindikatuek eskolara bueltatzea

ELA, LAB, Steilas, CC. OO. eta UGT sindikatuen iritziz, Jaurlaritza "inprobisatzen ari da", eta "arduragabekeria erakutsi du"; gainera, "negoziaziorik ez dago", esan dute.

Hezkuntzako sindikatuen protesta
Hezkuntzako sindikatuen protesta
Sindikatuen protesta, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren atarian

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, Steilas, CC. OO. eta UGT Hezkuntza sindikatuek aurrez aurreko eskolak ez abiatzea eskatu diete hezkuntza-zentroko Zuzendaritzei eta patronalei, hezkuntza-komunitate osoaren osasuna bermatzeko neurriak eta baldintzak adostu arte.

Segurtasun eta Osasun Batzordearen bilera amaituta argitaraturako baterako oharrean, zentralek salatu dute topaketa "protokolozkoa izan dela, hori baino ez", nahiz eta maiatzaren 18an oso gertu dagoen; hori dela eta "agerian geratu da Hezkuntza Saila inprobisatzen ari dela, eta arduragabekeria erakusten ari dela".

"Hainbat aldiz aldarrikatu izan dugun negoziazioa ere ez dago; informazio osagarria zehazten duen dokumenturik ere ez dute eman", nabarmendu dute sindikatuek; goizean, Bilbon, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, elkarretaratzea egin dute.

Sindikatuen iritziz, "begi-bistakoa da Eusko Jaurlaritzak ez duela landutako benetako planik; langileen, ikasleen eta hezkuntza-komunitatearen osasunak eta segurtasunak bermatuta egon gabe jarraitzen dute".

"Oraindik ere, galderak erantzunak baino ugariagoak dira; onartezina iruditzen zaigu astelehenari begirako aurreikuspenaren gaineko erantzunik ez egotea", gehitu dute.

Adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzaren segurtasun-plan bakarra da maskarak, hidrogelak eta termometroak ostiral honetarako iristea zentro publiko guztietara: "Ozen iragarriko dute komunikabide guztietan, baina, egun, ez dago prebentziozko planik, ezta negoziatutako itzulerarik ere. Agerian geratu da antolakuntzarik eta aurreikuspenik ez dela egon; izan ere, ez dute ezer aipatu hezkuntza-sistema osatzen duten sektore guztietarako egon litezkeen planen gainean", deitoratu dute.

Aitortu dutenez, sindikatu guztiek jotzen dute beharrezkotzat aurrez aurreko eskoletara bueltatzea, baina ohartarazi dute ezin dela hori egin "edonola, eta kosta ahala kosta". "Hainbat ikastetxetako Zuzendaritzek iragarri dute astelehenean ez dituztela aurrez aurreko eskolak berreskuratuko; hain zuzen ere, osasuna ez dagoelako bermatuta, Hezkuntza Sailak, antza, hala uste badu ere”.

Ondorioz, "egoera larri honetan", berriro ere eskatu diote Hezkuntza Sailari astelehenean irekitzeko aukera arbuiatzeko, eta negoziatzeko, sindikatuekin eta gainerako hezkuntza-eragileekin, arlo guztietan, etorkizunerako plan bat, "hezkuntza-komunitate osoaren Osasuna bermatze aldera".

Halaber, gizarte-ekimeneko patronalei eta ikastetxeetako Zuzendaritzei eskatu diete ez irekitzeko, aurrez aurreko eskoletarako, "langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko neurriak negoziatu eta adostu arte".

"Ezin gara itzuli astelehenean"

Goizean, ELA, LAB, Steilas, CC.OO. eta UGT sindikatuek adierazi dute dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko eskolei berrekiteko zehaztu duen planak ez duela bermatzen “irekiera segururik” maiatzaren 18an. Hori dela, beraien ustez, "ezin gara ikasgeletara astelehenean itzuli".

Sindikatuek Hezkuntza Sailari eskatu diote hezkuntzako eragileekin "esertzeko" zer neurri hartu behar diren aztertzeko eta, erabakiak adostuta, "ondo diseinatutako plan serio bat" lantzeko.  

Bost sindikatuotako ordezkariek kontzentrazioa egin dute gaur, asteazkenarekin, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, "Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu. Neurriak negoziatu" zioen pankartarekin.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak titulua ematen dutelako edo goragoko ikasketa mahairako atea irekitzen dutelako "erabakigarriagoak" diren mailetan aurrez aurreko eskolei berriz ekiteko asmoa agertu zuen joan den astean, ikasle-irakasleak babeste aldera dagozkion osasun neurriak hartuta.

Horren arabera, Batxilergoko 2. mailako, Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailetako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira; DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleak, berriz, maiatzaren 25ean.

Halere, asteartean, Hezkuntza Sailak zehaztu zuen hezkuntza zentroek eurek erabakiko dutela, "hezkuntza eta pedagogia irizpideak erabiliz", nolakoa izango den ikasgeletarako itzulera, "beren autonomiari eta zentroaren gaineko ezaguerari" jarraituta.

ELA, LAB, Steilas, CC.OO. eta UGT sindikatuen hitzetan planak "ez du segurtasun bermerik eskaintzen langile, irakasle, ikasle eta familien osasunerako", eta, beraz, "ez da maiatzaren 18an irekiera segurua berma dezakeen plan bat".  

Horrela, sindikatuek adierazi dute Hezkuntza Sailak bermatu behar duela osasuna, osasun agintariekin lankidetzan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Koronabirusa olatu berria Alarma-egoeraren amaiera Deseskalatzea gaur