Gizartea -
Koronabuloak
COVID-19ari aurre egiteko dirulaguntza faltsuak eskainiz SMSak bidaltzen ari dira
Iruzurgileen helburua da mezuaren hartzailearen datu pertsonalak eta banketxeko datuak eskuratzea.
EiTB
Koronabirusaren pandemiarekin lotutako dirulaguntza faltsuak eskainiz SMSak bidaltzen ari direla ohartarazi du Incibe Espainiako Zibersegurtasun Institutu Nazionalak.
Sakelako telefonora bidalitako mezuan lotura bat bidaltzen dizute, 350-700 euro arteko laguntza jaso nahi baduzu bertan sartzeko eskatuz, baina webgune faltsu batera eramaten zaitu, zure datu pertsonalak eta banketxeko datuak eskuratzeko asmoz.
COVID-19aren harira sare sozialetan zabaltzen diren gezurretako informazioak antzemateko EiTBrekin elkarlanean ari den VOST Euskadi elkarteak iruzurra egiteko erabiltzen duten kanpainaren testua zabaldu du Twitter sarean duen kontuan.
Ustezko dirulaguntzak eskatzeko orrialdean sartuz gero, erakunde edo zerbitzu ofizial batena ez dela ikus daiteke, eta "Laguntza lortu" botoian sakatuta, erabiltzaileak hainbat datu pertsonal eman beharko ditu, kreditu txartelarenak besteak beste.
Halaber, orrialdearen helbideak ez du "https" webgunea dela erakusten, eta, beraz, ez dela segurua erakusten du.
Edonola ere, eta prozedurari sinesgarritasuna eman nahian, formularioa beteta, mezu bat agertzen da dirulaguntza datozen egun edo asteetan tramitatuko dutela eta jakinarazpena igorriko dizutela esanez.
Zer egin behar dut iruzurraren biktima banaiz?
Mezu hori jaso baduzu eta zure datu pertsonalak eman badituzu, Espainiako Zibersegurtasun Institutuak gomendatzen du ahalik eta azkarren zure banketxearekin harremanetan jartzeko eta gertatutakoa jakinarazteko.
#Koronabuloak ekimena martxoaren 16an abiatu zuen Euskal Irrati Telebistak, birusaren gainean zabaltzen ari diren zalantzazko informazioei aurre egitea helburu. COVID-19 gaitzarekin lotutako hainbat mezu, audio, bideo, argazki eta testu ari gara gezurtatzen, herritarren laguntzarekin.
Lan honetan, gure erabiltzaileak 600 900 454 zenbakira ari dira abisuak bidaltzen, alegia, ekimenaren WhatsApp-era. Halaber, Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen "La Mecánica del Caracol" dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean.