Gizartea -

Gipuzkoa

Zubietako erraustegiaren ondoko ubidean izandako isurketa ikertzen ari dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du jatorria ezin daitekeela erraustegian egon, "ura kudeatzeko zirkuitu itxia daukalako". Hainbat arrain hilda agertu ziren asteburuan.

Zubietako erraustegia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Zubietako erraustegia.
Zubietako erraustegia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uraren Euskal Agentzia (URA) Zubietako Arkaitzerreka ubidean izandako isurketa ikertzen ari da.

Arrain asko hilda agertu zirela jakin ostean, URA agentziako ikerlariak ubidera bertaratu ziren larunbatean eta uraren egoera irregularra zela egiaztatu zuten. Hainbat lagin hartu zituzten analisiak egiteko eta emaitzen zain daude arrainak nola hil ziren jakiteko.

Halaber, Zubietako erraustegiak isurtzen duen uraren laginak ere hartu zituzten. Erraustegiak ura arazteko sistema propioa eta itxia duela zehaztu dute ohar batean.

Datozen egunetan uraren kalitatea zein den kontrolatuko dutela eta arrainak nola hil ziren argitzen dutenean, arduradunak nortzuk diren eta zigorrik edo isunik ezarri behar den erabaki beharko dela adierazi dute.

Bestalde, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak berretsi du erraustegiak "ura kudeatzeko sistema itxia" daukala eta, ondorioz, ezinezkotzat jo du isurketaren jatorria hor egotea. Nolanahi ere, gertakaria ikertzea eta dena argitzea ezinbestekotzat jo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Ura Ibaiak Euskal Herriko kutsadura