Gizartea -
Protestak iragarri dituzte
Sindikatuek administrazio publikoko langileen lantokietara buelta salatu dute
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek protestak iragarri dituzte, haien ustez lurralde-administrazioko langileak "behartuta" bueltatu behar izan baitira lantokietara.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek salatu egin dute Eusko Jaurlaritzak dekretatutako lurralde-administrazioko 1.200 langileren lantokietara buelta, neurria "behartua eta presazkoa" delako. Gainera, protestak iragarri dituzte.
Astelehen honetan Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko eta Bilboko egoitzen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte (indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuta) eta komunikatu bateratua igori dute, kritikatuz langile hauek lantokietara bueltatu behar izan dutela. Egun bizi dugun COVID-19 koronabirusaren pandemiaren aurrean, "kirrinka egiten du" erabaki honek.
Herritarrentzat zerbitzu publikoak bermatzea dela euren "lehentasuna" azpimarratu dute sindikatuek, eta kezkatuta azaldu dira Jaurlaritzak ez duelako elkarrizketarako eta akordio batera iritsi ahal izateko erraztasunik ematen. Gainera, gaitzetsi egin dute Jaurlaritzak funtzionarioen "lanera buelta presentziala bizkortzea", eta, gogoratu dute, "ahal den neurrian" etxetik lanean dabiltzala euren betebeharrak egiten.
"Presazko erabakia"
Sindikatuen ustez, Eusko jaularitza "presaz" jokatzen ari da kasu honetan, eta langile hauentzat eta erabiltzaileentzat ez dagoela segurtasun nahikorik pentsatzen dute.
Langileek lanerako dituzten baldintzen eta babes-neurrien jarraipen "sakon eta zehatza" egingo dutela esan dute ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk, batez ere garbiketan eta garraio baldintzetan zorrotzak izango direlarik, esparru horietan "gabeziak itzelak" baitira.
Bestalde, ez dakite zergatik Jaurlaritzak "ez dizkien langileei koronabirusaren testak egin nahi", bereziki publikoari begira lan egiten duten langileei. Gainera, administrazio publikoko langileei "egungo egoerara egokitzen diren protesta formulak" jakinaraziko dizkietela iragarri dute.