Gizartea -
Koronabirusa
Euskal kartzeletako funtzionario eta presoei test azkarrak egiten hasi dira
Osakidetzak mota honetako testak egin ditu jada Martuteneko eta Arabako kartzeletan, eta astea honetan zehar Basaurikoan egingo ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal kartzeletako funtzionario eta presoei COVID-19 gaitza atzemateko test azkarrak egiten hasi da Osakidetza. Martuteneko, Basauriko eta Arabako kartzelak dira Euskal Autonomi Erkidegoan daudenak. Momentuz, ez da positiborik erregistratu egindako frogetan.
Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari Denis Itxasok Arabako kartzela bisitatu du astelehen honetan, Benito Aguirre zuzendariak lagunduta, eta langileen eta presoen osasuna bermatzeko Espetxeetako Erakundeek bultzatutako neurriak errepasatu ditu.
Astelehen honetan, Osakidetzak test azkarrak egin ditu Martuteneko eta Arabako espetxeetan, eta aste honetan zehar Basaurikoan egingo ditu. Presoen kasuan, Martutenekoei ostegunean egin zitzaizkien testak, Arabakoei gaur egin zaizkie, eta Basaurikoei gaur eta bihar bitartean egingo zaizkie.
Itxasok gogoratu duenez, kartzeletan ez zen kanpoko inor sartzen utzi pandemia hasi zenetik, presoak eta langileak babesteko, izan ere, arrisku handiko taldearen barruan zeuden. Era berean, baimenetan, deietan eta irteeretan izan dituzten mugak aipatu ditu eta "euren jarrerarekin eredu oso ona" eman dutela azpimarratu du.
Presoek izan dituzten mugak arintzeko, telefono deietarako denbora handitu egin zen, eta baliabide gutxien zituztenentzat dohainik izatea erabaki zen. Gainera, Euskadin sei mugikor erosi ziren presoek euren senideekin edo abokatuekin bideokonferentziaz hitz egin ahal zezaten. Orain arte, halako 1.518 komunikazio eman dira, 10 minutukoak eta doakoak.
"Babes-ekipoak azkar erosi izanak langile eta presoen babes egokia bermatu du, baita lurreko armadak Euskadiko espetxeetan egindako desinfekzio lanek ere", adierazi du Denis Itxasok.