Gizartea -

Gipuzkoa

Hainbat arrain hilik agertu dira Zubietako erraustegitik behera doan errekan

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren esanetan, jazoerak ez du loturarik erraustegiarekin. URA Agentziak, berriz, laginak hartu eta ikerketa abiatu du, jazoeraren nondik norakoak argitzeko.

Zubieta erraustegiaren artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Zubieta erraustegiaren artxiboko irudia
Zubietako erraustegiaren ondoko errekan arrainak agertu dira hilik

1:37

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zubietako erraustegitik behera doan errekan dozenaka arrain hilda agertu dira (Gipuzkoa), Argiak larunbat honetan argitaratu duenez. Kazeta horrek jaso duenez, herritar batek egin du aurkikuntza, eta 112 larrialdi zerbitzuetara eta Usurbilgo Udaltzaingoari deitu die.

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren esanetan, jazoerak ez du loturarik erraustegiarekin. Horren hitzetan, Zubietan erabilitako urak "zirkuitu itxi batetik doaz eta ez dira ibaietara isurtzen". "Euria jasotzeko biltegi batek bakarrik botatzen du ura erreka horretara, gainezka egiten duenean", gaineratu du GHK-k.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kide batek hainbat arrain eta ur laginak hartu eta eraman ditu, laborategian aztertzeko asmoz. 

Bestalde, Josu Perea URA Euskal Agentziako Jabari Publikoaren Kudeaketarako zuendariak Euskadi Irratian adierazi duenez, ikerketa abiatu dute, gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko. Haiek ere laginak hartu dituztela jakinarazi du, eta laborategian azaldutako hainbat parametro izango dituzte aztergai, ondorioak atera ahal izateko.

2019ko azaroan, hainbat tona zabor erretzen hasi ziren Zubietako erraustegian, proba fasean. Aurten, behin alarma egoera bertan behera utzita, erraustegia martxan jarri nahi dutela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekologia gaur Animaliak Kutsadura