Gizartea -
Koronabirusa
30 km/h-ko muga hiri osora zabalduko du Bilbok, eta ez ditu terraza berriak onartuko
Astelehenean, 1 fasearekin, indarrean sartuko diren mugikortasun-neurrietako bi izango dira. Terrazen % 50 ireki ahalko dira, baina ez dute terraza berririk edo azalerak zabaltzerik baimenduko.
EITB.EUS
Astelehen honetan, maiatzak 11, 1 fasean sartzearekin batera, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasuna Sailak zenbait neurri jarriko ditu abian "modu seguruan eta jasangarrian mugitu ahal izateko eta osasun-agintarien gomendioak betetzeko", ohar baten bidez jakitera eman duenez.
"Garraioko eta joan-etorriak egiteko modu guztien bizikidetza" hobetzea da helburua, bereziki iraunkorrenak eta osasungarrienak, hala nola, bizikleta eta oinez joatea.
TERRAZAK
Bestalde, terrazak ireki ahal izango dira gaur egun indarreko baimena daukaten establezimendu guztietan. Hau da, 1.185 establezimendutan, horiek baitziren alarma-egoera ezarri zenean Bilboko Udalak zeuzkan baimenak.
Gainera, baimendutako mahai-kopurua bakoitia bada, % 50eko neurria gorantz aplikatuko da. Hau da, baimena hiru mahai jartzeko bada, bi jarri ahal izango da.
Muntaketak metro biko tartea utzi beharko du mahaien eta dagozkien aulkien (unitate laukizuzenak) artean. Horren ondorioz baimendutako terrazaren azalera gainditzen bada, ez da handitzerik eskatu beharko, okupazio hori baimenduta dagoela ulertuko baita.
Fase honetan ez da terraza berririk edo azalerak zabaltzerik baimenduko. Hala ere, instalazio berrietarako edo instalazioen azalera zabaltzeko eskariak aurkez daitezke.
BIZIKLETA ZERBITZUA
Bilbaobizi Bilboko bizikleta zerbitzua berriro ezarriko da astelehenetik aurrera, aldi baterako erabiltzeko baldintzekin eta osasun agintariek gomendatutako neurrien arabera.
Bizikletak oinarrizko lanak egiteko bakarrik erabili ahal izango dira. Zerbitzuaren ordutegia astelehenetik ostiralera 7:00etatik 20:00etara izango da bizikletak alokatzeko, eta 20:30ak arte bizikleta mailegu-guneetara itzultzeko. Gehienez, 30 minutu erabili ahal izango da. Eskularruak eta maskara erabili behar dira derrigor.
Egunez, zerbitzua martxan dagoela, eta gauez, zerbitzua amaitzen denean, mailegu-guneak eta bizikletak desinfektatuko dira.
BILBOBUS
Puntako orduetako zerbitzuen % 90era iristen da dagoeneko. Horrez gain, orain arte 5 linea baizik ez dira % 100ean ibili (ospitaleetakoak, L38-L57-L58-L85-A9), baina fase honetan beste 6 lineek emango dute zerbitzu osoa (L18-L30-L48-L56-L77-A6).
Gautxori zerbitzua ez da oraindik zabalduko.
IGOGAILUAK ETA FUNIKULARRA
Udalaren 44 igogailuak eta Artxandako Funikularra martxan daude egun osoan eta ohiko maiztasunarekin; edukieraren % 50 bete daiteke. Denetan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.
Gainera, hiriko 5 tokitan dauden 20 arrapala edo eskailera mekanikoak guztiz gaituta daude, eta muga bakarra bi metroko distantzia fisikoa da.
Instalazio eta igogailu guztiak egunero desinfektatzen dira.
TAXIAK
Ibilgailu pribatuaren ordez taxi zerbitzua erabiltzea gomendatu du Bilboko Udalak, hirian "bisita turistiko gutxiago dauden une honetan sektore honi laguntzeko". Taxian hartu beharreko babes neurriak hauek dira: maskararekin bidaiatzea, kopilotuaren eserlekua ez okupatzea eta ilara bakoitzeko bi pertsona esertzea (hiru ilarako taxiak ere badaude).
TAO ZERBITZUA
1 fasearen hasierarekin bat, eta ibilgailu pribatuen zirkulazioa handiagoa izango dela aurreikusita, Bilboko TAO zerbitzuak ohiko ordutegia izango du maiatzaren 11tik aurrera, hiriko joan-etorriak bermatu ahal izateko.
Ordutegia astelehenetik ostiralera artekoa izango da, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30era arte eta arratsaldeko 15:00etatik 20:00etara arte. Zapatuetan Bilboko TAO zerbitzuaren ordutegia 09:00etatik 13:30era artekoa izango da, 1., 2., 3., 4. eta 10. guneetan.
Segurtasun-neurriak eta higienea areagotzeko, Bilboko Udalak BilbaoPark aplikazio ofiziala erabiltzeko gomendioa egin du eta ordaintzeko, ahal dela, txartela erabiltzeko.
SEMAFOROAK ETA ABIADURA
Asteburu honetan berriro ere, oinezkoen joan-etorriei lehentasuna emateko neurria ezarri du Bilboko Udalak hiriko 13 eremutan. Horrekin batera, oinezkoentzako berde denborak zabaltzen hasi dira, semaforoz hornitutako 50 zebrabide baino gehiagotan.
Horrekin lotuta, Bilboko Udalak lanak eta tramiteak hastea erabaki du kale guztietara 30 kilometro orduko abiadura muga zabaltzeko, gaur egun hiriko bideen % 87an baitago indarrean.