Gizartea -

Koronabirusa

Hego Euskal Herria konfinamendua malgutzeko lehen fasean sartuko da astelehenean

Hainbat neurri arinduko dira eta udalerritik ateratzea posible izango da, baina ez probintziatik. Kalera irteteko ordutegiak moldatzeko aukera izango dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernua.

Bi herritar, Donostian. Argazkia: EFE.
Bi herritar, Donostian
Euskadi eta Nafarroa 1 fasera pasatuko dira astelehenean

0:59

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa konfinamendua biguntzeko lehen fasera pasatuko dira maiatzaren 11n, Espainiako Gobernuak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Salvador Illa Osasun ministroak eta Fernando Simon Osasun Larrialdietarako zuzendariak agerraldia egin dute arratsaldean lehenengo fasera igaroko diren lurraldeak zeintzuk diren iragartzeko.

Horretarako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuta, Araba (Trebiñu barne), Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa lehen fasean sartuko dira eta, ondorioz, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko duela bi hilabete hartu ziren neurri zorrotzak gehiago arinduko dira astelehenetik aurrera.

Fase berri honetan, senideekin eta lagunekin biltzea posible izango da, kalean nahiz etxean. Taldeak gehienez hamar pertsonakoak izan daitezke.

Horrez gain, tabernetako terrazak irekiko dira, familiak ibilgailu berean joatea baimenduta egongo da eta elizkizunak ospatu ahalko dira.

Halaber, 400 metro koadro baino gutxiagoko establezimenduetara hitzordurik eskatu gabe joan ahalko dira herritarrak erosketak egitera.

Kalera irteteko baldintzei dagokionez, paseatzeko, kirola egiteko eta umeekin ateratzeko ordutegiak indarrean egongo dira, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak moldaketak egiteko eskumena izango dute eguraldiaren arabera.

Bestalde, norbere udalerrik ateratzea posible izango da. Espainiako Gobernuak esan du muga probintzia izango dela, baina erkidegoetako gobernuei muga hori lurralde osora zabaltzeko aukera eman die. 

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, 1.874 pertsona hil eta 24.500 kutsatu dira Hego Euskal Herrian. Egun, 623 lagun daude ospitalean eta, guztira, 16.300 sendatu dira.   

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "birusarekin nahitaez izango dugun elkarbizitzan aurrera egiteko aukera da"

Espainiako Gobernuaren erabakiaren berri izan ostean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du "hainbat hilabetez egindako lanaren ondorioa" dela Euskadi, hiru lurralde historikoak, deseskalatzearen 1 fasera pasatzea: "Pandemia geldiaraztea lortu dugu". Halaber, nabarmendu du "aukera" dela, "birusarekin nahitaez izango dugun elkarbizitzan aurrera egiteko".

Jaurlaritzaren iritziz, "albiste ona da", eta euskal herritarren ahalegina eta ardura babesten du; halaber, berretsita geratu da Eusko Jaurlaritzaren proposamena "egokia eta kalitatezkoa" dela: "Normaltasunera bueltatzeko planteamendua garatzeko gaitasuna izan du Euskadik", zehaztu du.

Nolanahi ere, ohartarazi du beharrezkoa dela,"orain inoiz baino gehiago, zuhurtziari eustea, eta prebentziozko gomendioei jarraitzea".

Azkenik, iragarri du larunbat honetan Nekane Murga eta Arantxa Tapia sailburuek prentsaurrekoa emango dutela, eta konfinamendua arintzeko prozesuaren xehetasun gehiago emango dituzte.

Chivitek Nafarroako ahalegina nabarmendu du: "Lan honek berdin jarraitu behar du"

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak, Osasun Departamentua orain arte egindako lanagatik zoriondu eta gero, zerbitzu guztietako osasun-profesionalek, "errealitate berrira egokitu diren" enpresek eta herritar guztiek egindako ahalegina nabarmendu du. "Lan honek berdin jarraitu behar du", esan du Chivitek.

Gogora ekarri duenez, konfinamenduaren malgutzean aurrera egin ahala, herritarren joan-etorriak gero eta ugariagoak dira, eta, hortaz, beharrezkoa izaten jarraitzen du jendearen arteko segurtasun-tarteak eta garbitasun-neurriak kontuan izateak.

Chivitek esan du "poza eta indarra" eman diola "beste fase honetara pasatzeak", eta banakako arduraren aldeko apustua egin du. Herritarrei "zuhurtzia eta prebentzioa" eskatu die.

"Gure kaleetan, bizitza handiagoa izango da", esan du; horregatik, zehaztu du, "ezin gara fidatu".

"Ez dugu pentsatzerik jarduerara bueltatuko garela, dena eginda dugula jada; izan ere, birusa hortxe dago", adierazi du Chivitek. Nafarroa, haren iritziz, "osasun-sistemaren alde egin dugun apustuagatik" dago prest 1 fasera aurreratzeko.

Ildo horretan, esan du adierazleak ez direla "zenbaki hotzak, baizik eta guztion artean egindako lanaren emaitza".

Foru Gobernuko liderraren esanetan, "garai latzak izango ditugu oraindik", baina Nafarroa, haren iritziz, egoera hobean dago, suspertze soziala eta ekonomikoa lortzeko.

"Nafarroako herritarren gehiengo handi batek ardura eta indarra erakutsi dituzte", azpimarratu du presidenteak: "Normaltasun berrian, herritarren ardura hori oinarrizko arloetako bat izango da".

Santos Indurain Osasun kontseilariak, bere aldetik, nabarmendu du birusak "gogor" eraso diola Nafarroari, baina Foru Erkidegoko osasun-sistemak "erantzun-gaitasun eta ardura handia" erakutsi ditu.

Une honetan, adierazi du, kasu berrien zifrak % 0,5en bueltan daude Nafarroan; horrek, osasun-sistemak frogatutako fidagarritasunari gehituta, aukera eman dio Nafarroari 1 fasera pasatzea.

Presidenteaz gain, Indurainek "ardura, zuhurtzia eta arreta" eskatu dizkie herritarrei: "Hau guztion artean lortu dugu, eta ezin dugu ahaztu birusa hemen dagoela".  

Zure interesekoa izan daiteke: Zer egin dezaket lehen fasean?
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Osasun albisteak Koronabirusa olatu berria Deseskalatzea