Gizartea -
KORONABIRUSA
7 hildako EAEn eta 4 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Positibo berriek gora egin dute Euskadin, 60 izan baitira. Nafarroako ospitaleek, berriz, ez zuten ospitaleratze berririk jaso eta 95 alta epidemiologiko zenbatu zituzten.
EITB.EUS
Guztira, 60 pertsonak positibo eman dute COVID-19arekin azken orduetan Euskadin, atzo baino 27 gehiagok, eta hildakoen kopurua 7ra jaitsi da, aurreko buletinean baino 19 gutxiago.
Hala azaldu du Nekane Murga Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean. Horrela, pandemia hasi zenetik 1.390 pertsona hil dira Euskadin, eta 17.286 kutsatu; horietatik % 78,3 sendatu egin dira. Hala ere, 493 pertsona daude ospitalean, atzo baino 39 gutxiago.
Euskadin 122.730 PCR eta 70.314 test azkar edo serologiko egin dira. Hain zuzen ere, atzo 8.018 proba egin zituzten. Lurraldez lurralde aztertuta, atzo 6 positibo eman zituzten Araban, 53 Bizkaian eta bat Gipuzkoan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 102 pertsona daude ospitaleratuta, 349 heriotza baieztatu dira eta 4.521 kasu positibo daude. Bizkaian 301 ospitaleratu dituzte, 766 hildako eta 9.814 kutsatu. Gipuzkoari dagokionez, 90 dira ospitaleratutako pertsonak, 2.951 dira, guztira, kasu positiboak eta 275 hildakoak.
Murgak adierazi duenez, datu horiek "aldaketak izan dituzte", aurreko egunekin alderatuz gero. Azaldu duenez, "joera batzuk egonkor mantendu dira azken asteotan, hala nola, lehen mailako arretan kasu susmagarrietan egiten diren kontsulten jaitsiera, larrialdietako zerbitzuetan eta ospitaleratutako pertsonen kopuruan ere jaitsiera egonkorra".
Hala ere, "ez dugu zintzarria jo behar", ohartarazi du, "joera hori mantentzeko lanean jarraitu behar baitugu, eta ezin gara erlaxatu".
Osasun sailburuak esan duenez, dagoeneko deseskalatze prozesuan sartu gara, "egunero ikusten dugu gure kaleetan eta parkeetan". Zehaztu duenez, fase bakoitzari "neurri zehatzak, progresiboak eta hurbiltasunetik gidatu beharrekoak" dagozkio.
Murgak ohartarazi duenez, "denok bilatu behar dugu hurrengo hilabeteetarako normaltasuna pixkanaka nola berreskuratu", eta azpimarratu du "ezinbestekoa" dela "diziplina indibiduala, urruntzeari eustea, etxe bakoitzean ahalik eta denbora gehien irautea, eta elkartzeak eta toki publikoak saihestea", hori baita "gure osasuna babesteko modurik onena".
Zentzu horretan, "neurri horiek betetzeko ardura indibiduala" eskatu du. "Zorrotzak izan behar dugu, bakoitza geure buruarekin, hala izan dadin. Horrela bakarrik lortuko dugu pandemia hau behin betiko gainditzea. Hau ez da amaitu. Asko dago jokoan ", gaineratu du.
Nafarroan 23 pertsona gehiago kutsatu dira azken orduetan, aurreko egunean baino % 0,46 gehiago, eta 4 pertsona hil dira koronabirusarekin.
Ospitaleek ez zuten ospitaleratze berririk jaso eta 95 alta epidemiologiko zenbatu zituzten, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Ospitaleratzerik gabeko bigarren eguna da, apirilaren 27an erregistratutakoarekin batera, martxoaren 9an hasitako jarraipenaren arabera.
COVID-19aren pandemia hasi zenetik, PCR proben bidez baieztatutako kasuen kopurua 5.006 da. Horiez gain, beste 2.221 (194 positibo atzo) zenbatu dituzte antigorputzen test bidez; 7.227, guztira.
Bestalde, heriotza berrien ondorioz, 484ra igo da baieztatutako kasuen artean hildako pertsonen kopurua, hau da, guztizkoaren % 6,7. Pandemia hasi zenetik 2.827 pertsona sendatu dira (kaltetuen % 39,12).
Diagnostikatutako 7.227 pertsonetatik 3.773 etxean daude segimenduan, 99 gela arruntetan ospitaleratuta, 14 etxean ospitaleratuta eta 30 zainketa intentsiboetan.
Nafarroako zainketa intentsiboetako unitateek bi ospitaleratze gutxiago izan dituzte COVID-19aren ondorioz, eta 15 alta eman dituzte azken 24 orduetan.
Pandemia hasi zenetik 2.015 lagun ospitaleratu dituzte, eta horietatik 135 zainketa intentsiboetako unitateetatik pasatu dira.
Nafarroako Osasun Sistemako (publikoa eta pribatua) profesionalei dagokienez, atzo bi kasu berri izan ziren. Orain arte, 820 profesional kutsatu dira.
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herriko egoera zein den zehaztea, berriz, ez da erraza. Agintariek ez dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzko datu ofizialik ematen. Pirinio Atlantikoko eta Akitania Berriko datuak soilik eskaintzen dituzte.
Franck Dolosor ETBko kazetariak bildutako informazioaren arabera, COVID-19 gaitzarengatik Pirinio Atlantikoetan 329 kasu daude, 36 ospitaleratu dituzte, 3 suspertze zerbitzuetan eta 181 sendatu dira. Guztira, 25 hildako eta 19 hildako gehiago izan dira zaharren egoitzetan.
Akitania Berrian, berriz, 4.831 kutsatze zenbatu dituzte; 521 pertsona ospitaleratu dituzte, 85 suspertze zerbitzuan daude eta 1.589 sendatu dira. Guztira, 347 pertsona hil dira eta 123 gehiago hirugarren adinekoen egoitzetan.
Osasun krisia hasi zenetik 127 koronabirus kasu artatu dituzte Baionako ospitalean, 53 ospitaleratuta zeuden apirilaren 27an eta 74 etxera itzuli ahal izan dira.
Bestalde, Paueko ospitalean gutxienez bi pertsona hil dira.
Heriotzen eta kutsatzeen datuek okerrera egin dute Espainian
PCR proba bidez baieztatutako koronabirus kasuak 1.095 gehiago izan dira azken 24 orduetan, ostegunean baino 341 gehiago, eta guztira 222.857 pertsona kutsatu dira. Era berean, 229 pertsona gehiago hil dira, hau da, 26.299 pertsona hil dira, atzo baino 16 gehiago, Osasun Ministerioak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Bestalde, 131.148 gaixo sendatu dira, 11.222 pertsona zainketa intentsiboetako unitate batean ospitaleratu dituzte, 85 azken 24 orduetan, eta 121.776 ospitaleratu behar izan dituzte. Hala ere, Andaluzian, Balearretan, Kanarietan, Kantabrian, Ceutan, Melillan, Nafarroan eta Errioxan ez dute ospitaleratzerik izan azken egunean.
Autonomia-erkidegoen arabera, eta pandemia hasi zenetik gertatu den bezala, Madrilgo Erkidegoa da kaltetuen kopuru handiena duena, 64.333 kaltetu daude dagoeneko, eta ondoren Katalunia dago, 51.733 pertsona kutsatu baititu koronabirusarekin.