Gizartea -

Epaiketa

Kote Cabezudo zigortu dute modelo adingabe baten kontratuak faltsutzeagatik

Ebazpenaren arabera, argazkilari donostiarrak neska bati egindako kontratuak faltsutu zituen argazkiak egin zizkionean adin txikikoa zela ezkutatzeko.

Bilkura bat, Kote Cabezudoren biktimentzat justizia eske. Artxiboko argazkia: EFE
Bilkura bat, Kote Cabezudoren biktimentzat justizia eske.
Bilkura bat, Kote Cabezudoren biktimentzat justizia eske. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudo argazkilari donostiarra hainbat delitu egotzita auzipetuta dago. Besteak beste, modeloei gehiegikeriak egin izana, iruzurra eta sexu askatasunaren kontrako delituak leporatzen dizkiote.

Duela gutxi bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten lekuko bat beldurrarazteko asmoz biluzik agertzen den argazki bat sare sozialetan zabaltzeagatik.

Gaur, bigarren aldiz zigortu dute auzitegian dokumentu faltsuak aurkezteagatik. Bost hilabeteko espetxealdia eta 1.500 euroko isuna ezarri diote.

Donostiako epaitegiaren arabera, modelo baten kontratuak faltsutu zituen argazkiak egin zizkionean adin txikikoa zela ezkutatzeko.

Dokumentu faltsuak eman izana leporatu badiote ere, kontratuak manipulatu izanagatik absolbitu egin dute delitu hori preskribatuta dagoela ebatzita.

Epaiketan, akusazio partikularraren abokatuak esan zuen gertakariak ez daudela preskribatuta, kontratua indarrean egon zen azken eguna hartu behar delako kontutan eta ez hitzarmena sinatu zen eguna.

Ebazpenaren arabera, Cabezudok 2008an eta 2009an egin zizkion argazkiak, modeloa adin txikikoan zenean, baina kontratuak aldatu zituen irudi haiek 2010eko martxoaren 11n eta abuztuaren 20an, hots, neskak 18 urte zituenean hartu zirela sinestarazteko.

Epaiak dio Cabezudok neska adinez nagusia zela erakusteko asmorekin faltsutu zituela kontratuak, baina 2010ean egin zuela kontuan hartuta ere, 2014ko maiatzaren 13a arte –orduan entregatu zituen dokumentuak epaitegian- hiru urte baino gehiago igaro direla eta, legez, gertakari hori preskribatuta dagoela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak