Gizartea -
KORONABIRUSA
Hezkuntzak aurten egin nahi du LEPa, baina pandemiaren araberakoa izango da
LEPak 1.148 plaza ditu (1.021 Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eta 127 LHko irakasle teknikoentzat), eta ekainerako aurreikusita zegoen, baina koronabirusak bertan behera uztea eragin zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak bere sailaren Lan Eskaintza Publikoa (LEP) aurten egitea nahi duela adierazi du, baina COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren eta Osasun Sailak ezarritako jarraibideen araberakoa izango da.
Ekainerako aurreikusita zegoen LEPak 1.148 plaza ditu (1.021 Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eta 127 LHko irakasle teknikoentzat), baina koronabirusak bertan behera uztea eragin zuen.
Ikasturte amaierarako plana aurkezteko prentsaurrekoan gai horri buruz galdetuta, sailburuak esan du lan-eskaintza publikoa osasun-berme guztiak eman daitezkeenean egingo dela, baina azterketak aurten bertan egitea nahiago duela adierazi du.
Nolanahi ere, Osasun Sailak probak egiteko baimena ematearen araberakoa izango da data, eta azterketak noiz egin sindikatuekin adosten saiatuko direla argitu du.
Sindikatu horiek (ELA, LAB, UGT eta CC. OO.) LEPa 2021eko ekainera atzeratzearen alde agertu dira, aurreikusitakoa baino urtebete geroago, egungo osasun-krisiak sortzen duen ziurgabetasunaren aurrean.