Gizartea -
Koronabirusa
Bilboko Udalak 13 eremu egokituko ditu oinezkoek lehentasuna izan dezaten
Gune batzuetan mugatu egingo dira ibilgailu pribatuak eta abiadura (20 km/h, gehienez) eta erraztu egingo da oinezkoen zirkulazioa, elkarren artean tartea gordetzeko behar beste leku izan dadin.
Agentziak | Erredakzioa
Datorren asteburutik aurrera, mugikortasunerako hainbat neurri ezarriko ditu Bilboko Udalak, bi helburu nagusirekin: batetik, oinezkoek elkarren artean utzi beharreko tartea errazago gordetzeko, eta, hala, kutsatzeko aukera murrizteko, eta, bestetik, garraio guztietan bizikidetza hobetzeko, ohitura jasangarriago eta osasungarriagoen alde; horri begira, arreta berezia jarriko zaio bizikletaren erabilerari.
Aldi baterako neurriak ezarriko dira hiriko 8 barrutietan, elkarren artean utzi beharreko espazioa bermatu eta oinezkoak kaleetan eta etorbideetan errazago ibili ahal izan daitezen.
Xede horrekin, ibilgailu pribatuaren erabilera eta abiadura (gehienez ere 20 km/h) mugatu egingo dira 13 gunetan (126.330 metro koadro), eta oinezkoei emango zaie lehentasuna. Gune horietako gehienak zabalguneak (hau da, plazak, parkeak eta abar) lotzen dituzten korridoreak dira.
Horrez gain, barruti guztietan, jende pilaketak eragoztearren eta pertsonak hara eta hona errazago ibil daitezen, asteburu honetatik aurrera luzeagoak izango dira oinezkoentzako semaforoetako tarte berdeak hiriko oinezkoen 50 pasabide baino gehiagotan.
Oinezkoek lehentasuna izango duten guneak
Larunbatean eta igandean, 07:00etatik 22:00etara, 13 gune egokituko dira 8 barrutietan. Oinezkoen joan-etorria lehenetsi eta ibilgailu partikularraren erabilera mugatuko da.
Ostiraleko 20:00etatik 23:00etara arte eta larunbateko eta igandeko 07:30etik 23:00etara arte, hainbat gune egokituko dira 8 barrutietan, oinezkoek lehentasuna izan dezaten, eta mugatu egingo da ibilgailu partikularraren erabilera.
1. barrutia
Deustuko zubiaren pean, udaletxerako norabidean doan erreia oinezkoentzat izango da. Botikazar Erribera kalean, Agirre anaien eta Frances Macia kaleen artean, itxi egingo da bidea ibilgailuentzat San Inazioko norabidean. Bidegorria erdibitzailetik hurbilen dagoen aldera desbideratuko da, eta galtzadatik jarraituko du Salbe zubiraino. Bidegorria itxi egingo da Salbe zubiaren eta Agirre anaien kalearen artean, oinezkoek erabil dezaten, eta txirrindulariek galtzadatik ibili beharko dute.
Zubizuriko eta Aita Arrupeko zubietan bi noranzkoak mugatuko dira, oinezkoen joan-etorria errazteko.
Zarandoa etorbidea itxi egingo da Deusturako norabidean, Aragon kalearen eta Madariaga kalearen luzapenaren artean, oinezkoek erabil dezaten. Garajeetara doazen autoei, garbiketa zerbitzuei eta Bilbobusen autobusei bertatik igarotzen utziko zaie.
2. barrutia
Lezamako Trenbide Zaharreko Bidea oinezkoek erabiltzeko egokituko da, Pikotamendi (Artxanda) inguruarekin eta Etxebarria parkearekin lotzeko. Bilbobusen autobusei eta inguruko garajeetara doazen ibilgailu partikularrei bakarrik utziko zaie igarotzen.
Oinezkoek erabiltzeko zedarrituko da udaletxeko zubiko goranzko bidearen eskuineko erreia, gune horretan espaloia zabaltzeko.
3. barrutia
Jesus Galindez kalean, Txomin Garat eta Ornilla doktorea kaleen artean, oinezkoen gunea ezarriko da eta libre utziko da Garaizar kalearen eta Gabriel Aresti etorbidearen arteko konexioa.
Bilbobusen autobusei eta inguruko garajeetara doazen ibilgailu partikularrei utziko zaie igarotzen.
4. barrutia
Oinezkoentzako gune moduan egokituko da Zabalbide, Santa Klara, Iturriaga eta Juan de la Cosa kaleen eta Santutxuren arteko eremua.
Garajeetara doazen ibilgailuei igarotzen utziko zaie.
5. barrutia
Oinezkoak ibiltzeko izango da Atxuri kalea, Miraflores etorbiderako norabidean doan erreian, Kañu pasealekuarekiko lotura hobetzeko.
6. barrutia
Oinezkoentzako gunea izango da Kale Nagusia, Mazarredo zumarkalearen eta Moyua plazaren arteko tartean.
Garajeetara sartzen eta ateratzen baino ez da utziko. Bilbobusen zerbitzua eta taxi zerbitzua ondoko kaleetara desbideratuko dira.
7. barrutia
Oinezkoentzako egokituko da Arane eta Medina de Pomar kaleen arteko eremua, Eskurtze parkearekiko konexioa hobetzeko. Garajeetara doazen ibilgailuei igarotzen utziko zaie.
Diaz Emparanza kalea, Villabaso kaletik abiatuta, egokitu egingo dute, oinezkoek erabil dezaten.
8. barrutia
Oinezkoentzat izango da Olabeaga nasa, Olabeagako San Nikolasetik hasi eta Zirgalarien nasako oinezkoen eremura arte. Inguru hartako garajeetara sartzen eta ateratzen utziko da.
Abaro Estrata kalea, Zorrotza-Kastrexana errepidearen eta Zorrozgoitiko bidearen artean, oinezkoek erabiltzeko egokituko da, eta Untziola kaletik igarotzeko modua izango da, zeharka, bai garajeetara sartzeko, bai ateratzeko.
Basurtoko geltokia kalea oinezkoentzat izango da, eta garajeetara sartzen eta ateratzen utziko da.